Politika -

Katalunia

Kataluniako Parlamentuko Mahaiak aintzat hartu ditu U-1eko emaitzak

Ganberako idazkari nagusia eta legelari nagusia ez dira ados jarri, emaitza horiek aintzat hartu behar ziren aztertu dutenean. Azkenean, baina, onartu egin dituzte.

Forcadell Kataluniako Parlamentuko Mahaiaren presidentea, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Forcadell Kataluniako Parlamentuko Mahaiaren presidentea, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Forcadell Kataluniako Parlamentuko Mahaiaren presidentea, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Gobernuak aurreko astean erregistratu ondoren, Parlamentuko Mahaiak gaur hartu ditu aintzat urriaren 1ean egindako erreferendumaren emaitzak.

Parlamentuko iturriek azaldu dutenez, Mahaiari Gobernuak helarazi dizkio emaitzak, jakinarazpen ofizial baten bidez, eta organo zuzendariak aintzat hartzea onartu du JxSiren gehiengoari esker. Ciudadanosek eta PSCk, aldiz, kontrako botoa eman dute, Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzitako erreferendum bateko emaitzak direla iritzita.

Ostiralean, Kataluniako Gobernuak urriaren 1eko emaitzen berri eman zion Parlamentuari, gutun baten bidez, gutuna Ganberan erregistratuta. Oriol Junqueras presidenteordeak, Jordi Turull bozeramaileak eta Raul Romeva Kanpo-arazoetarako kontseilariak sinatu zuten testua.

Kataluniako Parlamentuko idazkari nagusiaren eta Ganberako legelari nagusiaren arteko desadostasuna

JxSitik gertu dauden hainbat iturrik azaldu dutenez, Xavier Muro Kataluniako Parlamentuko idazkari nagusiak eta Antoni Bayona bertako legelari nagusiak desadostasunak izan dituzte Mahaiak emaitzak aintzat hartu behar zituen ala ez eztabaidatzeko orduan.

Iturri horien esanetan, idazkari nagusia alde azaldu da, alegia, Mahaiak emaitzak aintzat hartzearen alde, legelari nagusia ez bezala. Halere, aipatutako iturriek nabarmendu dute idazkari nagusiaren irizpidea nagusitu behar dela, Ganberaren araudia betez, organo zuzendariarentzako aholkularitza-lanetan.

Nolanahi ere, oposizioaren zenbait iturrik bestelako iritzia dute, eta idazkari nagusia ere emaitza horiek aintzat hartzearen aurka agertu dela gaineratu dute. Horien arabera, horrek ez duela eragin juridikorik esan du, eta ezin dela argitaratu Kataluniako Parlamentuaren Aldizkari Ofizialean. PSCk eskaera bat aurkeztu du, Mahaiak berriro erabakia azter dezan, baina Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuaren presidenteak ez du onartu. Horren hitzetan, ez da izapiderik egin, eta organo zuzendariak emaitzak aintzat hartu ditu besterik ez du egin, parlamentu-izapiderik egin gabe.

Ciudadanosen eta PSCren iturriek (Mahaian ordezkatuta daude biak, baina gutxiengoan) aipatu dutenez, Mahaia berriro ez biltzeko erabakia "aurrekaririk gabeko erabakia da, orain arte inoiz ikusi ez dena". Horien iritziz, organo zuzendariak bilera egin behar du beti, zerbait berriz aztertzeko eskatuz gero.

JxSikoen ustez, idazkari nagusia Mahaiak emaitzak aintzat hartzearen alde agertu da, kontu politikoa besterik ez baita, eta "ez du parlamentu-izapiderik behar".

Beste iturri independentista batzuek, berriz, onartu egin dute legelariak desadostasunak agertu dituela; Mahaiaren bileran, berak eskatu du hitza.

Hauteskunde Batzar Nagusiaren akordioa aintzat hartzea eskatu du PPk

Hauteskunde Batzar Nagusiak urriaren 4an adostutakoa aintzat hartzeko eskatu dio Kataluniako PPk Parlamentuko Mahaiari; izan ere, urriaren 1eko erreferendumak eta erreferendumeko emaitzek "ez dute inolako baliorik", horren esanetan.

Agiri baten bidez esan dutenez, taldeak eskaera bat erregistratu du, Ganberako organo zuzendariak Hauteskunde Batzar Nagusiaren akordioa kontuan izan dezan, "Mahaiak legez kanpoko erreferendumaren emaitzak aintzat hartu dituela kontuan izanik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniaren independentzia Alderdi politikoak bideoak Gaurko azken orduko albistea Kataluniako Hauteskundeak gaur Pere Aragonès