Politika -

KATALUNIA

Bere erabakiak bake eta demokrazian oinarritzen direla esan du Puigdemontek

Generalitateko burua Lluis Companys presidentea duela 77 urte fusilatu zuten tokian izan da, omenaldia egiten. Besteak beste, Carme Forcadell eta Ada Colau ere lore-eskaintzan izan dira.

Puigdemontek ez du ezer aurreratu astelehen honetan emango duen erantzunaz

1:54

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuari independentzia aldarrikatu zuen edo ez erantzun baino egun bat lehenago, Montjuiceko hilerrian izan da Carles Puigdemont Lluis Companys Kataluniako presidentearen omenaldi ekitaldian. Gaur 77 urte fusilatu zuten Compays, eta, haren hilobiaren aurrean egindako hitzaldian esan du "Kataluniako herriarentzat zailak baina era berean, itxaropentsuak diren ordu hauetan" balore zibiko eta demokratikoekin erantzun behar zaiela kritikei.

Puigdemontek adierazi du argi duela ze balio defendatu nahi dituen: "Hartu behar ditugun erabakiak bakearekin, gizalegearekin, lasaitasunarekin nahiz sendotasunarekin eta demokraziarekin dugun konpromisoan oinarrituko dira".

Kataluniako presidentearen ondoan izan dira, besteak beste, Carme Forcadell Parlamenteko presidentea eta Ada Colau Bartzelonako alkatea.

Forcadell: "Estatuak ez du oraindik Companysen hilketagatik barkamenik eskatu"

Carme Forcadellek, bere aldetik, gogor hitz egin du Estatuaren aurka: "Estatuak ez du oraindik Lluis Companys presidentearen hilketagatik barkamenik eskatu, Europa osoan faszismoak hildako presidente bakarraren hilketagatik, alegia" eta Kataluniako herriak ezin duela eta ez duela "historia ahaztu nahi" gaineratu du.

"Urriaren 15 hau, gainera, duintasun gehiagorekin ospatzen ari gara, justizia egin baita" esan du, ekainean Kataluniako Parlamentak frankismoaren biktimen erreparaziorako legea onartu izanari erreferentzia eginez. Lege honek garai hartako gerra-kontseiluak bertan behera utzi eta injustizia horiek jasan zituztenei aitortza egiten diela esan du, 65.000 pertsona baino gehiagori eraginez.

Ezohiko bilkura orokorra eskatu du berriz CUPek

Gabriela Serra CUPeko diputatua ere Companysen omenaldian izan da, Fossar de la Pedreran. Bertan, Pablo Casado PPko buruzagiak Puigdemontek Companysek bezala amaitu dezakeela esan izanak zer gogoeta eragiten dion galdetuta, ondorengoa erantzun du: "Ez dugu berriz ere presidente bat hanka-hutsik eta begiak irekita Gora Katalunia eta gora Errepublika esaten izango, fusilatu aurretik. Hori ez dugu ikusiko, eragotzi egingo dugu".

Bestalde, CUPek "Errepulika aldarrikatuko duen osoko bilkura berezia eskatu, erregutu eta galdegiten" duela berretsi du "hori baita gure herriak urriaren 1ean erabaki zuena".

PDeCATek batasuna eskatu dio CUPi

Marta Pascal PDeCATeko koordinatzaile orokorrak CUPi erantzun dio hau "batasun" garaia dela, eta ez Parlamentuan osoko bilkura deitu behar den edo ez hitz egitekoa: "Guztiok batera aurrera egin beharreko momentua dela uste dugu, ez eztabaida publikoak sortzeko garaia, eta denok jarrera bateratua izan behar dugu".

Puigdemontek "oso termino argietan" hitz egin zuela Parlamentuan ere esan du Pascalek eta bere mezuak garbi uzten duela urriaren 1eko konpromisioari eusten diola eta erreferendumeko emaitzak gauzatuko dituela. Hala ere, ez du aurreratu nahi izan zer erantzungo dion bihar Espainiako Gobernuari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès argazkiak