Politika -

Auzitegi Konstituzionala

Erreferendum Legea baliogabetu eta Konstituzioaren aurkakotzat jo dute

Kataluniako Parlamentuak irailaren 6an onartu zuen, eta hurrengo egunean utzi zuten bertan behera, kautelazko neurri moduan.

Kataluniako Parlamentuak irailaren 6an onartu zuen legea. Argazkia: EiTB.
Kataluniako Parlamentuak irailaren 6an onartu zuen legea. Argazkia: EiTB.
Kataluniako Parlamentuak irailaren 6an onartu zuen legea. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalaren Bilkurak baliogabetzat eta Konstituzioaren aurkakotzat jo du Kataluniako Parlamentuak 2017ko irailaren 6an onartutako Erreferendum Legea. Hurrengo egunean, bertan behera utzi zuten lege hori, kautelazko neurri moduan. Hori dela eta, Erreferendum Legea bertan behera utzita, urriaren 1eko erreferenduma bertan behera utzi zuten.

Epaiak, alde batetik, guztiz kentzen dio zilegitasuna legeari, baina haratago ere badoa; izan ere, Kataluniako Parlamentuari argudio oso gogorrak aurpegiratzen dizkio. Esate baterako, herritarrak botere arbitrario baten mendean utzi dituela, alegia, "inolako mugarik onartzen ez duen botere baten mendean".

Epaian (aho batez hartu dute), Konstituzionalak Espainiako Gobernuaren helegitea onartzen du, deialdia babestu zuen Kataluniako Parlamentuaren legearen aurkako helegitea, alegia, eta hauxe esaten dio Gobernu katalanari: "Zuzenbideari uko egiten dion botere batek bere buruaz ere dio ez duela merezi herritarrek men egin diezaioten".

Autodeterminazio-eskubiderik ez

Baliogabetutako arauak "Autodeterminaziorako Erreferendumaren Legea" du izena, baina Konstituzionalak zehaztu du Kataluniak ez duela autodeterminazio-eskubide hori; izan ere, autodeterminazioa, alegia, Estatuarengandik sezesioa bultzatu eta gauzatzeko eskubidea, "ez dago Konstituzioan onartuta, eta, aldi berean, ez dago Espainiako ordenamendu juridikoan, nazioarteko akordioen bidez".

Halaber, Auzitegiak gogorarazten du noiz erabili ahal den herrietako "autodeterminazio askearen eskubidea" (Espainiak sinatutako Eskubide Zibilen Nazioarteko Hitzarmenean eta Eskubide Ekonomiko eta Sozialen Hitzarmenean dago): "Herri bat atzerritik iritsitako beste indar batek menderatzen edo esplotatzen ari denean".

Hortik kanpo, "Nazio Batuetako Gutunaren asmo eta hastapenekin bateraezina da batasun nazionala edo herrialde baten lurralde-osotasuna urratzen saiatzen den edozein ahalegin".

Estatuaren eskumenetan sartu da

Bestalde, Auzitegiaren esanetan, legea Estatuaren eskumenetan sartzen da, erreferendum-izaera duten kontsultei dagokienez; gainera, urratzen ditu Konstituzioaren gailentasuna, subiranotasun nazionala eta espainiar Nazioaren batasun bereizezina.

Halaber, nabarmentzen du Kataluniako Parlamentuak "legegile-prozedura urratu" zuela, legea tramitatu zuenean; horrek Ganberaren borondateari, gutxienekoen eskubideei eta herritar guztiek ordezkarien bidez gai publikoetan parte hartzeko duten funtsezko eskubideei eragin zien.

Auzitegiaren iritziz, legea "argi eta garbi" Konstituzioaren aurkakoa da; izan ere, "Espainiako ordenamendu konstituzionaleko hastapen batzuk urratzen ditu: espainiar herritarrengan dagoen subiranotasun nazionala, Nazioaren batasuna (gizarte- eta eskubide-Estatua da), eta Konstituzioaren nagusitasuna bera, hain zuzen ere".

Erreferendum lotesleari dagokionez, Auzitegiak dio guztien kontua dela Espainiak osatzen duen Estatu komunari eustea: "Kontrakoa egitekotan, herritarren batasuna apurtuko litzateke, guztien Nazioa urratuko litzateke, alegia".

Epaiak berresten du Konstituzioak onartzen duela, bere buruaz, "guztiz berrikusi ahal dela", baina aukera bakarra dagoela hori gauzatzeko: testu konstituzionalak berak aurreikusten dituen erreforma-prozedurak errespetatzea, alegia. "Bestela egingo balitz, botere publikoa ez legoke Eskubideari lotuta, eta horrek kalte konponezina egingo lioke herritarren askatasunari", dio Konstituzionalak. Azken hori izan da, hain zuzen, Kataluniako Parlamentuak egin duena, aurkatutako legea onartu duenean.

Kataluniako Parlamentua, Zuzenbidetik kanpo

Kataluniako Parlamentua, leialtasun konstituzionala eta hastapen demokratikoa kontuan izan gabe, "Zuzenbidetik kanpo kokatu da, erabat", dio epaiak.

Azkenik, Auzitegiak gogorarazten die Generalitatearen agintariei eta kargu publikoei "epaia oztopatu edo saihestea xede duen edozein ekimen gelditu behar dutela".

Konstituzionalak, irailean, Kataluniako Parlamentuak eta Gobernuak onartutako ebazpenen aurka Espainiako Gobernuak aurkeztutako lau helegite onartu zituen, tramitatzeko: erreferenduma babestu zuen legea, deialdi-dekretua, eta horiek osatzen zituzten arauak. Gaurko epaia Kataluniako Parlamentuak independentzia-erreferenduma gauzatzea ahalbidetu zuen legearen gainekoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniaren independentzia Alderdi politikoak bideoak Kataluniako Hauteskundeak gaur Espainiako Auzitegi Konstituzionala