Politika -

Euskadin

Jaurlaritzak drogak saihesteko politiken lehentasunak zehaztu ditu

Adingabeak eta kolektibo ahulenak izango dira Euskadin droga eta alkohol kontsumoari aurre egiteko politiken lehentasunak.

Euskadin droga eta alkohol kontsumoari aurre egiteko jardunaldia. Argazkia: Irekia
Euskadin droga eta alkohol kontsumoari aurre egiteko jardunaldia. Argazkia: Irekia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak adingabeei eta kolektibo ahulenei emango die lehentasuna droga eta alkohol kontsumoari aurre egiteko kanpainetan.

Horrela esan du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak, Bilbon mendekotasun-arazoei aurre egiteko politika publikoak aztertzeko egindako jardunaldian. Bertan, Islandiako eta Euskadiko mendekotasunetan adituak diren profesionalak bildu dira, arazo horiei nola ekin elkarrekin hausnartzeko.

Urkulluk gogoratu duenez, 1988an onartu zuen Euskadik droga mendekotasunen inguruko lehen legea. Ordutik hona mendekotasun-arazoei aurre egiteko hainbat plan jarri ditu martxan Jaurlaritzak; azkena, udara honetan bertan. Miren Dorronsoro Osasun Publiko eta Adikzioetako zuzendariak azaldu duenez, mila profesional baino gehiago prestatuko dituzte adikzio arazoei aurre egiteko.

Hori horrela, Islandian nerabeetan substantzien kontsumoa prebenitzeko ereduaren ezaugarriak eta xehetasunak azaldu ditu Jon Sigfusson Ikerketa eta Analisi Sozialerako Islandiako Zentroko zuzendariak eta Youth in Iceland (Gazteria Islandian) programaren arduradunak; izan ere, aurrerapen bikainak izan dituzte Islandian azken urteotan.

Ildo horretan, Euskadin tabakismoak behera egin duela, baina alkoholaren kontsumoa, batez ere gazteen artean, oraindik kezkagarria dela azaldu dute jardunaldian.

Islandian, berriz, 14 eta 16 urte arteko nerabeen % 5ek baino ez zuten alkohola edan azken hilabetean; % 3k esan zuten tabakoa egunero erretzen zutela, eta % 7k haxixa hartu zuten gutxienez behin azken hilabetean.

Jon Sigfussonen hitzetan, ez da nahikoa drogen alde txarrak haurrei soilik azaltzea, gurasoen inplikazioa beharrezkoa baita, eta eskolaz kanpoko ekintzak eskaintzea erabatekoa da. Umeekin denbora gehiago ematea eta eskola-orduetatik kanpo kirola, musika edo teatro jarduerak prestatzea gomendatu du Sigfussonek.

Islandiak eskolaz kanpoko jarduerak bultzatzeko diru gehiago bideratu zuen: besteak beste, futbol zelai estali gehiago egin zituzten, eta horrek, islandiar futbolaren arrakasta ere areagotu du, lehendabizikoz Munduko txapelketarako sailkatu baita Islandia.

Halaber, 2002an, 12 urtetik beherako haurrei zortzietatik aurrera, eta 13 eta 16 urte arteko nerabeei hamarretatik aurrera, kalean bakarrik ibiltzeko debekua ezarri zieten. Udan, berriz, kalean bakarrik ibiltzeko "baimena" gauerdira arte luzatzen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Drogak Gaurko azken ordukoa