Politika -

Osoko bilkura

Nafarroako Parlamentuak Polizien Legea atzera bota du

Horrela, lege-proiektua Foru Gobernuari itzuli dio Ganberak. Podemosek eta Ezkerrak oposizioarekin bat egin dute, lege-egitasmoa errefusatzeko. Dimisioa emango ez duela ziurtatu du Beaumontek.

Nafarroako Parlamentua. Argazkia: EFE
Nafarroako Parlamentua. Argazkia: EFE
'Poliziaren lege berria' atzera bota dute Nafarroan

0:55

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Polizien lege-proiektua atzera bota du Nafarroako Parlamentuak. Horrela, lege-egitasmoa Foru Gobernuari itzuli dio Ganberak. Podemosek eta Ezkerrak oposizioarekin bat egin dute, legea errefusatzeko. Arauak sindikatu gehienen babesik ez duela argudiatu dute Podemosek eta Ezkerrak.

Osoko lau zuzenketa aurkeztu dizkiote proiektuari, horietako hiru oposizioak eta bakarra Podemosek eta Ezkerrak. Guztiak Parlamentuan eztabaidatu dituzte. PSNren zuzenketa onartu dute, UPNren, sozialisten, PPNren eta Ezkerraren aldeko botoekin, Podemosen abstentzioarekin eta Geroa Bai eta EH Bilduren kontrako botoarekin. Honenbestez, gainerako zuzenketak ez dituzte bozkatu.

Maria Jose Beaumont Barne kontseilariak defendatu du proiektua. Beaumonten ahotan, "akordioetara heldu ez izana aurpegiratu diezaiekete, baina ez negoziatzea pentsatu ere". "Polizien lege posible onena" aurkeztu dutela erantsi du kontseilariak.

Gainera, dimisioa emango ez duela ziurtatu du Beaumontek. "Dimisioa emango ez dudala oso argi dut, EH Bilduk eta Uxue Barkosek konfiantza galtzen ez baldin badute, batak ni proposatu eta besteak izendatu zidalako, hurrenez hurren", adierazi du.

POLIZIEN LEGEA NAFARROA EFE

Nafarroako polizien elkarretaratzea Parlamentuaren aurrean. Argazkia: EFE

Elkarretaratzea Parlamentuaren aurrean

Bestalde, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek deituta, Nafarroako poliziek elkarretaratzea egin dute Parlamentuaren aurrean, Polizien Legea atzera botatzea eskatzeko.

Saioa hasi baino minutu batzuk lehenago poliziak biltzen hasi dira Ganberaren aurrean.

"Nafarroako poliziak, Barne Kontseilaritzaren murrizketen aurka", "Beaumont proiektua kanpora" edo "Ipuinetan sinesten al duzue? Beaumont legeari ez" pankartak erakutsi dituzte. Era berean, Barne kontseilariaren dimisioa eskatu dute manifestariek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika UPN Albisteak PSN Albisteak Geroa Bai Gaurko albisteak Nafarroan EH Bildu Gipuzkoa Izquierda-Ezkerra alderdia Gaurko azken ordukoa Nafarroako Gobernua berriak Nafarroako Parlamentua Podemos Ahal Dugu Nafarroa