Politika -

Katalunia

Senatuak larunbatean erabakiko du 155. artikulua ezartzeko egutegia

Espainiako Gobernuak ez du arazorik izango bere neurriak onartzeko, PPk gehiengo absolutua duelako Senatuan, baina PSOE eta Ciudadanosen babesa izan nahi du.

Mariano Rajoy eta Pedro Sanchez. Artxiboko argazkia: EFE
Mariano Rajoy eta Pedro Sanchez. Artxiboko argazkia: EFE
Mariano Rajoy eta Pedro Sanchez. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak ezohiko bilera egingo du larunbat goizean, Katalunian ezarri nahi dituen neurriak erabakitzeko. Batzar hori amaituta, egun berean, Senatuko Mahaia batzartuko da Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua tramitatzeko egutegia eta prozedura zehazteko.

EFE albiste-agentziak zabaldu duenez, Pio Garcia-Escudero Senatuko presidenteak dagoeneko deitu Mahaiaren bilera.

Senatuko Mahaia Alderdi Popularrak, Alderdi Sozialistak eta EAJk osatzen dute, eta Garcia-Escudero berak zuzentzen du.

Ganbera horretako araudiaren arabera, lehendabizi Espainiako Gobernuaren errekerimendua tramitatu behar da eta horretarako bi aukera daude: Autonomia Erkidegoetako Batzordea deitzea eta auzi honetarako batzorde bateratu bat eratzea. PPk bigarren aukera nahiago du.

Bigarren batzorde horretan Espainiako Gobernuaren neurriek eragina izango luketen esparruetako gaiak jorratzen diren batzordeetako senatariak egongo lirateke. Gutxienez, Batzorde Konstituziogileko ordezkariak egongo dira.

Errekerimendua eta alegazioak

Senatuko Mahaiak erabakiko du batzorde hori noiz bilduko den, baina ez da astearte arratsaldean edo asteazken goizean izango, egun horietan ohiko saioak deitu dituztelako.

Nolanahi ere, batzorde hori gutxienez birritan batzartu beharko da.

Lehendabizikoan, Carles Puigdemonti errekerimendua egingo dio Espainiako Gobernuak, eta Generalitateko presidenteak alegazioak aurkezteko aukera izango du, dokumentazioa bidalita, bertara joanda edo batzordean bera ordezkatuko duen beste pertsona bat izendatuta.

Dokumentu guztiak bildu eta testigantza guztiak entzun ostean, bigarren bilera bat egingo du batzordeak, Espainiako Gobernuak egindako proposamena tramitera onartu ala ez erabakitzeko.

Teorian, Senatuak ahalmena dauka Espainiako Gobernuak proposatutako neurriak aldatzeko, baina praktikan ez da horrelakorik gertatuko, Ganbera horretan gehiengo absolutua Alderdi Popularrak duelako.

Ezohiko osoko bilkura

Batzordeko izapideak amaituta, Espainiako Gobernuaren neurriak Senatuko osoko bilkuran bozkatu eta onartuko dituzte. Esan bezala, PPko senatarien aldeko botoak nahikoa izango dira, Mariano Rajoyk PSOEren eta Ciudadanosen babesa izan nahi du.

EFE albiste-agentziaren arabera, ezohiko osoko bilkura hori urriaren 30ean edo 31n izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua argazkiak Gaurko azken orduko albistea