Politika -

Gurtel auzia

PPk Gurtel auziari 'etekina atera zion', fiskalaren arabera

"Egiaztatuta geratu da Correaren taldeko enpresei emandako kontratuetatik zetozen komisio ilegaletatik 133.000 euroko onura atera zuela", adierazi du.

Luis Barcenas PPko diruzain ohia. Artxiboko irudia: EFE
Luis Barcenas PPko diruzain ohia. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Concepcion Sabadell fiskalak Gurtel auziaren epaiketan astearte honetan esan duenez, "froga nahikoa daude PPk delitu jarduerari etekina atera ziola esateko".

Auzitegi Nazionalean egiten ari diren bistako azken txostenean esan du, eta bereziki Madrilgo Majadahondako Udaletik hartutako funtsetatik "PPren kartelak itsatsi, eta Esperanza Aguirreren hauteskunde-kanpainako gastuak eta PPren egoitzako ekitaldiak ordaindu ziren", jakinarazi du.

"Egiaztatuta geratu da Correaren taldeko enpresei emandako kontratuetatik zetozen komisio ilegaletatik 133.000 euroko onura atera zuela", adierazi du, eta Majadahondako Udaletik "ilegalki hartu" zituztela gaineratu du.

"Onurarik atera ez zutenak Espainiako Estatua eta espainiarrak izan ziren, etekina PPk ordaindutako zerbitzu eta gastu batzuetarako izan zelako, besteak beste, alderdiaren egoitzako obrak ordaintzeko", azaldu du fiskalak. PPri 328.440 euro eskatu dizkio, irabazizko ekintzetan parte hartzea egotzita.

37 auzipetuen artean, Francisco Correa buruaz gain, Luis Barcenas PPko diruzain ohia eta Guillermo Ortega Majadahondako alkate ohia daude. Azken hori legez kanpoko komisioekin aberastu zen, eta Suitzako banku kontuetan ezkutatu zituen udaletxetik zetozen 1.600.000 euro, Espainiako Ogasunari iruzur eginda.

Egiaztatuta dago Barcenasek PPren B kutxa erabili zuela

Halaber, fiskalak esan duenez, egiaztatuta geratu da "Luis kabroia" Luis Barcenas PPko diruzain ohia dela. Adjudikazio publikoak egiteagatik legez kanpoko komisioetatik zetorren dirua jaso zuela agertzen da dokumentazioan.

Fiskalaren arabera, Barcenasek PPren B kutxa erabili zuen legez kanpoko komisioak kobratzeko, administrazio publikoekin egindako bitartekaritzez gain, izan ere, 2004 eta 2010 artean senatari izateagatik ez ezik PPko buruzagia izateagatik eragina izan zezakeelako esleipenetan Francisco Correa buru zen auzian.

Correak "Luis kabroia" ez zuela Luis Barcenas bezala identifikatu esan du, auzian haren mendekoetako bat berari ere ez ziolako ezer leporatu nahi.

Halere, hori berresten duten zantzuak badaudela gaineratu du, besteak beste, Isabel Jordan auziko enpresen administratzaile ohiaren deklarazioa. Correaren inguruan Barcenasi hala deitzen ziotela entzun zuen.

2003an Barcenasek diru-sarrerak jasotzeari utzi zion, eta 2007an "Luis kabroiarentzat" dirua sartu zela erakusten zuten apunteak agertu ziren berriro dokumentazioan; 72.000 eurokoak, hain zuzen ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak PP Epaiketak bideoak Ustelkeria politikoa gaur Gaurko azken ordukoa