Politika -

EUSKO LEGEBILTZARRA

Otamendi: 'Hainbat agintarik beste aldera begiratu dute torturen aurrean'

Memoria eta Bizikidetza lantaldean hitz egin du Otamendik. Ajuria Eneako Itunaren garaian jasotako 800 tortura kasuak aipatu ditu, eta Ertzaintzak horiek ikertzeko zuen protokoloaz galdetu du.

Ajuria Eneako itunaren garaiko tortura kasuak ekarri ditu gogora Otamendik

0:22

AGENTZIAK | EUSKARAZ

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendariak Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza lantaldean hitz du goizean, polizia indarkeriaren biktima gisa. Bere agerraldian, Ajuria Eneko Itunaren garaian jasotako 800 tortura kasuak ekarri ditu gogora Otamendik, eta horiek guztiak ikertzeko Ertzaintzak izan duen protokoloaz galdetu du.

Bileratik atera denean, hedabideen aurrean salatu duenez, "arduradun politikoek beste aldera begiratu dute tortura salaketen aurrean". "Eta horrek min ematen dit hemengo erakundeetako poliziarekin gertatzen denean, bereziki", esan du.  Torturen biktimak "bi aldiz" ez torturatzeko eskatu du, haien salaketak aintzat ez hartuta.

Torturarekin amaitzea erakunde armatu batekin amaitzea baino errazagoa dela adierazi du. ETA non dagoen ez dakigula, baina torturak non eta noiz egiten diren, eta nork egiten dituen jakinekoa dela gaineratu du.

Tortura salaketekin lotuta Ertzaintzak pertsona bakar bat ere atxilotu ez izana salatu du.

'Egunkaria auzia'

2003ko otsailean atxilotu zuen Guardia Zibilak Otamendi, Euskaldunon Egunkariaren kontrako operazioan, komunikabide horretako beste bederatzi arduradunekin batera. ETArekin zerikusia izatea egotzita hartu zituzten preso, baina 2010ean absolbitu egin zituzten denak.

Atxilotuta egon zenean torturatu egin zutela salatu zuen Otamendik, baina 2004an salaketa artxibatu egin zuen epaileak. Europara jo zuen Berriako zuzendariak, eta zortzi urte beranduago, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu zuen, Otamendik jarritako tortura salaketa behar bezala ez ikertzeagatik.

Gaurko agerraldian, Otamendirekin batera, Iñaki Garcia Arrizabalaga izan da Memoria eta Bizikidetza lantaldean, Juan Garcia Cordero Gizpuzkoan Telefonikako ordezkaria izandakoaren semea.  Komando Autonomo Antikapitalistek hil zuten 1980an Garcia Cordero.

Garcia Arrizabalagak ez du adierazpenik egin hedabideen aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Legebiltzarra argazkiak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea