Politika -

Kataluniaren independentzia

Independentzia deklaratu du Kataluniako Parlamentuak

Kataluniako Errepublika independentea eratzeko prozesu konstituziogilea martxan jartzea agindu dio Parlamentuak Generalitateari. Rajoyren Gobernuak Generalitatea kargugabetu eta bozak deitu ditu.

Kataluniako Parlamentuan bozketa
Kataluniako Parlamentuan bozketa
Horrela izan da Kataluniaren independentzia aldarrikapena

1:47

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zalantzaz beteriko asteen ondotik, 2017ko urriaren 27an, Kataluniako Parlamentuak independentzia deklaratu du eta Errepublika eratzeko prozesu konstituziogilea abiarazteko agindua eman dio Generalitateari, Estatu berriaren Konstituzioa idazteko.

"Gure herrialdearen Parlamentuak, parlamentu zilegiak, irailaren 27ko hauteskundeetatik eratorriak, aspalditik espero genuen urratsa egin du, luzaro borrokatua. Zilegitasun osoz aukeratutako ordezkari politikoen gehiengo zabalak hautetsontzietan bideratutako agindua burura eraman du", adierazi du Kataluniako presidenteak.

Aldi berean, Senatuak Kataluniako autonomia bertan behera uztea onartu du eta, gero, Mariano Rajoyren Gobernuak Generalitatea kargugabetzea, Kataluniako Parlamentua desegitea eta abenduaren 21erako hauteskunde autonomikoak deitzea agindu du.

Nazioarteko komunitateak, bien bitartean, ez du Kataluniaren independentzia onartu eta bizkarra eman dio Kataluniako Parlamentuaren deklarazioari.

Bien bitartean, milaka pertsona atera dira kalera Bartzelonan eta Kataluniako beste hainbat udalerritan independentzia aldarrikapena ospatzeko.

Kataluniako Parlamentuan, bi ebazpen aurkeztu dituzte talde soberanistek. Lehendabizikoan, hitzaurrean, "Kataluniako Errepublika Estatu independente gisa" aldarrikatu dute; bigarren ebazpenean, berriz, Kataluniako Errepublika independente hori eratzeko "prozesu konstituziogilea" martxan jartzeko eskatu dute.

"Joan den urriaren 1eko autodeterminazio erreferendumaren bidez Kataluniako herritarrengandik jasotako aginduari jarraituz, Kataluniako Errepublika independentea aldarrikatzen dugu", dio adierazpenak.

Junts pel Sik eta CUPek aurkeztutako ebazpenak 70 boto jaso ditu alde eta 10 kontra; bi boto zuri izan dira. Bozketan JxSi, CUP, Catalunya Si Que es Pot taldeek eta Germa Gordo diputatu independenteak parte hartu dute; Ciudadanos, PSC eta PPC taldeetako parlamentariek, berriz, Ganberatik alde egin dute, bozketa egin baino lehen.

Prozesu konstituziogilea abiarazteko ebazpenaren kasuan, JxSik eta CUPek alde bozkatu dute eta Catalunya Si Que es Pot taldeko diputatu batzuk abstenitu egin dira eta Podem alderdikoek kontra bozkatu dute.

Kataluniako Parlamentura joan diren alkate independentistek Kataluniako Errepublikaren eraikuntzan parte hartzeko konpromiso sinbolikoa hartu dute Carles Puigdemont Generalitateko presidentearen aurrean.

Osoko bilkuraren ostean, Parlamentuko eskailera nagusian, aginte makilak goian zituztela, Errepublikaren eraikuntza defendatzeko konpromisoa hartu dute alkate independentistek "baietz" oihu eginda.

 

BIDEOA: Horrela aldarrikatu du independentzia Kataluniako Parlamentuak

 

 

Horrela izan da Kataluniaren independentzia aldarrikapena
Horrela izan da Kataluniaren independentzia aldarrikapena
Horrela izan da Kataluniaren independentzia aldarrikapena

1:47

 

 

Poza eta emozioa kalean

Independentzia aldarrikatuta, Parlamentuaren inguruan bilduta zeuden milaka herritarren artean poza eta emozioa nagusitu dira.

Osoko bilkura pantaila erraldoi baten bidez jarraitu dute. Baietzaren aldeko boto bakoitza pozik hartu dute; kontrako botoak, berriz, dezepzioz.

Bozketaren emaitza jakinarazi dutenean lehertu da poza. Kataluniaren eta independentziaren aldeko oihuak izan dira, besarkadak eta emozioz beteriko malkoak.

Ondoren, milaka pertsona, 17.000 Udaltzaingoaren arabera, Sant Jaume plazara gerturatu dira "Errepublikaren jaia" ospatzeko. Bartzelonaz gain, jaia Kataluniako beste hiriburuetara —Girona, Tarragona eta Lleida— eta udalerrietara zabaldu da.

Espainiaren batasunaren aldekoak ere kalera atera dira eta mila pertsona inguruk Bartzelonako kaleak zeharkatu dituzte independentzia baztertzen dutela aldarrikatzeko.

BIDEOA | Independentziaren aldarrikapena ospatu dute herritarrek:

 

Milaka kataluniarrek independentzia aldarrikapena ospatu dute
Milaka kataluniarrek independentzia aldarrikapena ospatu dute
Milaka kataluniarrek independentzia aldarrikapena ospatu dute

1:53

 

ARGAZKIAK | "Errepublikaren jaia" Bartzelonan

 

 

 

Espainiako Estatuaren erantzuna

Ia aldi berean, Senatuak Kataluniako autonomia bertan behera uztea onartu du, eta Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren harian aurreko astean Espainiako Gobernuak hartu zituen neurriak aplikatzeko baimena eman dio Espainiako Gobernuari.

Ordu batzuk geroago, Rajoyk Ministroen Kontseilua elkartu du, eta Carles Puigdemont Generalitateko presidentea eta gainerako kontseilariak kargugabetzea, Kataluniako Parlamentu desegitea eta abenduaren 21erako hauteskunde autonomikoak deitzea erabaki du.

Rajoyk erabakia justifikatu du esanez "premiazkoa" dela Kataluniako herritarrei "ahotsa ematea euren etorkizuna erabaki dezaten".

Aipatu neurriak ezartzea nahitaezkoa izan dela adierazi du, "Kataluniako herritarren izenean inork ez dezan legez kanpoko ezer egin".

"Hautetsontziak izango dira, benetakoak, kontrolekin eta bermeekin, herritarren arteko bizikidetza berreskuratzeko oinarriak ezartzeko", erantsi du. Espainiako Gobernuaren lehentasuna "bizikidetza" berreskuratzea dela esan du eta horretarako hauteskunde "libreak, garbiak eta legalak" lehenbailehen egitea ezinbestekoa dela adierazi du.

Ministroen Kontseilua elkartu aurretik, Espainiako Gobernuko presidenteak "lasaitasuna" eskatu dio Espainiako gizarteari, eta Katalunian legezkotasuna berrezarriko dela ziurtatu du.

Bestalde, Estatuko Fiskaltza Nagusiak kereila bat aurkeztuko du, segur aski astelehenean, Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kideen eta Kataluniako Gobernuko kideen kontra, matxinada leporatuta.

Halaber, Espainiako Gobernuak independentzia deklarazioaren aurkako helegitea aurkeztuko du Auzitegi Konstituzionalean.

Kataluniako Parlamentuak independentzia deklarazioa onartu eta berehala, Mariano Rajoyk "lasaitasuna" eskatu eta "Zuzenbide Estatuak Katalunian legalitatea" berrezarriko duela agindu du.

Erreakzioak Katalunian

Parlamentuak Kataluniako Errepublika independentea eratzeko prozesu konstituziogilea abiarazteko agindua eman ostean, erreakzioak nonahi izan dira.

Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak Parlamentuko eskaileratan egin du agerraldia, talde soberanistetako parlamentarien eta osoko bilkura bertatik bertara jarraitu duten ehunka alkateren aurrean.

Kataluniako Errepublika modu baketsuan, zibismoz eta duintasunez eratzeko deia egin du: "Herri honen pultsua mantentzea denon ardura izango da aurrerantzean".

Parlamentuko ordezkaritza hauteskundeen bidez aukeratu zela eta, beraz, gaur gertatukoak "zilegitasun osoa" duela defendatu du. "Denbora luzez borrokatutako eta itxarondako urratsa eman dugu; gaur, hautestontzien bidez herritarrek emandako mandatua bete dugu", azpimarratu du.

Era berean, Kataluniako erakundeen eta herritarren babesa eskatu du, prozesu konstituziogilea aurrera eramateko.

Oriol Junqueras Generalitateko presidenteordeak "ardura, umiltasuna eta eskuzabaltasuna" eskatu die "Errepublikako herritarrei, kezkatuta daudenei poztasuna eta konfiantza helarazteko".

"Borondate onez, errespetuz eta estimuz ari gara", erantsi du Puigdemont alboan zuela Parlamentuan egin duen agerraldian.

Agusti Alcoberro eta Marcel Mauri, hurrenez hurren, ANCko eta Omnium Culturaleko bozeramaileek independentzia ospatu dute: "eskoletan 2017ko urriaren 27a askatasunaren lehen eguna gisa ikastea espero dut". Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan Alcoberrok azpimarratu duenez, Kataluniako Parlamentuak "pauso historikoa eman du eta Kataluniako Errepublikaren aldarrikapena mugarri izango da", eta orain Errepublika edukiz bete behar dela gaineratu du. Mauriren esanetan, "gaur herrialde bakar bat eratzeko eta egin ahal izan diren zauri guztiak josten hasteko garaia da". Aldi berean, Jordi Cuixart eta Jordi Sànchez Omnium eta ANCko buruzagien askatasuna eskatu du.

Ada Colau Bartzelonako alkateak esan du ezin duela barneratu azkenean "trenen arteko talka" gertatu dela. "Independentziaren tren kamikazea azkarregi joan da eta independentzia aldarrikapenak ez du Kataluniako gehiengoaren babesik".

"Nire izenean ez; DUI ez, 155 ez", idatzi du Facebook sare sozialean, eta Katalunian bizi den egoera politikoa Alderdi Popularrak azken 10 urteotan izan duen jarreraren ondorio dela salatu du.

Erreakzioak Espainian

Pedro Sanchez Alderdi Sozialistako idazkari nagusiak arbuiatu egin du "Parlamentuko bloke sezesionistak ezarritako" independentzia deklarazioa eta Puigdemonti eta Junquerasi egotzi die "Espainiako eta Kataluniako herritarren artean sortu den zatiketa".

Hau guztia "arduragabekeriaz jokatzeagatik" eta "amildegira bidean ihesi joateagatik" gertatu dela erantsi du.

Pablo Iglesias Podemoseko buruzagiaren iritzian, Kataluniako Parlamentuak onartutako ebazpenak ez du zilegitasunik eta Generalitateak bere jokabidearekin Alderdi Popularraren "errepresio estrategia" laguntzen du.

"Triste gaude. Ez zuten eskubiderik gaur egin duten deklarazioa egiteko eta guk elkarrizketa eta konponbide demokratikoak aldarrikatzen segituko dugu", esan du.

Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagiak "lasaitasuna eta irmotasuna" eskatu ditu eta ziur agertu da azkenean hauteskundeak izango direla eta Espainiaren aldekoek independentistek baino boto gehiago eskuratuko dituztela.

"Botoen bidez kanporatuko ditugu", azpimarratu du.

Erreakzioak nazioartean

Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak nabarmendu du, Kataluniak independentzia deklaratu arren, Europar Batasunarentzat hizketakide bakarra aitortzen duela: Espainia.

"Europar Batasunarentzat ezer ez da aldatu. Espainia da gure hizketakide bakarra", adierazi du. Alabaina, Tuskek beste hau ere esan du: "Espero dut Espainiako Gobernuak argudioen indarra erabiliko duela, eta ez indarraren argudioak".

Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak esan du "Katalunia Espainiaren zati bat" dela eta Mariano Rajoyren Gobernuak Espainia "batuta" mantentzeko hartuko dituen neurriak babestuko dituela.

Hala adierazi du Heather Nauert AEBko Estatu Departamentuko bozeramaileak ohar baten bidez.

Erreakzioak Euskal Herrian

EAJk errespetua galdegin du Kataluniarentzat eta Kataluniako erakunde legitimoentzat. Era berean, garai berriak "demokrazia eta ardura" eskatzen dituela esan du.

Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak esan du "inolako kasutan ere ez" litzatekeela 155. artikulua ezarri behar Katalunian, eta ohartarazi du "gizartearen haustura ekiditea" dela orain garrantzitsuena. Sare sozialetan zabaldutako mezu batean azaldu duenez, gatazka politikoa da Kataluniakoa, eta "ez da irtenbiderik egongo akordioa helburu elkarrizketarik eta negoziaziorik ez badago". Lehendakariaren arabera, "elkarrizketak eta negoziazioa beharrezkoak izaten jarraitzen dute orain, atzo baino are eta beharrezkoago".

EH Bilduk ongietorria eman dio Kataluniako Errepublikari Twitterren idatzitako mezu  baten bidez: "Gaur Katalunia, bihar Euskal Herria".

Arnaldo Otegik ere gauza bera egin du eta azpimarratu du Euskal Herrian ere posible dela prozesu soberanista bat abian jartzea, horretarako borondate politikoa baldin badago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua Espainia argazkiak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Kataluniako Generalitatearen azken ordukoa