Politika -

KATALUNIAKO INDEPENDENTZIA

Saenz de Santamariaren esku geratu dira Puigdemont eta Junquerasen karguak

155 artikuluaren lehen neurriak indarrean dira jada. Carles Puigdemonten Gobernu osoa bertan behera utzi dute eta Espainiako Gobernuko ministerioen esku geratuko dira kontseilaritzak.

Soraya Saenz de Santamaría
Soraya Saenz de Santamaría
Puigdemont eta Junquerasen ardurak Saez de Santamariaren esku geratu dira

1:22

AGENTZIAK | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbat honetako Estatuko Buletin Ofizialean (BOE) argitaratu da Carles Puigdemont eta Kataluniako Gobernu osoa kargugabetzen dituen erret dekretua. Ostiralean Kataluniako Errepublika izendatu, eta egun berean, Senatuak onartutako 155 artikuluaren harira hartu da neurria.

Mariano Rajoyk bere gain hartu ditu Kataluniako Generalitateko presidentearen funtzio eta konpetentziak baina Soraya Saenz de Santamariarengan delegatu du. Hala, Saez de Santamariaren esku geratu da Presidentzia baina baita ondoko kargu eta erakundeak ere: Komunikazioa eta Komunikabideetarako Idazkaritza Nagusia, Gobernuko Bulegoa, Departamentu arteko Koordinaziorako Zuzendaritza Orokorra, Iritzi Ikerketen Zentroa eta Kataluniako Generalitatearen Argitalpen eta Egunkari Ofizialaren Entitate Autonomoa (EADOP), Kataluniako Administrazio Irekiaren Kontsorzioa, Informazioaren Teknologiak eta Telekomunikazio Zentroa (CTTI) eta Kataluniako Informazioaren Segurtasunerako Zentroa (CESICAT).

Kataluniako Generalitateko 11 kontseilaritzak, bere aldetik, Espainiako Gobernuko ministerioek hartuko dituzte bere gain. Hala, Juan Ignacio Zoido izango da Barne sailburua; Alfonso Maria Dastis Europar Batasunerako eta Kanpo Gaietarako Idazkaritzako burua; Rafael Catalá Justizia kontseilaria; Cristobal Montoro Ekonomia eta Ogasun idazkaria; Iñigo Mendez de Vigo Hezkuntza kontseilaria eta Fatima Bañez Lan, Gizarte gai eta Familia idazkaritza.

Carles Puigdemont edo bere kontseilariek euren karguak uzteari uko egingo baliete, Espainiako Gobernuak ohartarazi die "funtzio-usurpazio" delitua egingo luketela eta hori Kode Penalean jasota dagoela.

Kataluniako Parlamentua deuseztatzearen berri ere eman du gaurko Buletin Ofizialak eta hauteskundeak 21erako deitu direla ofizial egin du. Kanpaina abenduaren 5etik 19ra izango da.

Bost dekretu indarrean, gaurtik

Konstituzioaren 155. artikuluaren arabera ezarri ditu Gobernuak neurri horiek. Bost dekreturen bidez jarri dira indarrean, gaurtik aurrera, BOEan argitaratu eta gero.

Dekretu horiek, gainera, hainbat goi karguren kargugabetzea ere aurreikusten duten, tartean Eskuadra Mossoen buru den Josep Lluis Traperorena.

Mossoen burua kargutik kentzea izan da Zoidoren lehenengo erabakia
Mossoen burua kargutik kentzea izan da Zoidoren lehenengo erabakia
Mossoen burua kargutik kentzea izan da Zoidoren lehenengo erabakia

1:28

Generalitatearen antolakuntzari ere erreferentzia egiten dio Buletin Ofizialak, eta Kataluniako bulego eta enbaxadak ixteko agindua ematen du. Era berean, kargu gabe uzten ditu Bruselan eta Madrilen dauden ordezkariak. Neurri honek Kataluniak Alemanian, Frantzian, Suitzan, Britainia Handian eta Irlandan, Austrian, Italian, Europar Batasunean eta Amerikako Estatu Batuetan dituen ordezkaritzei eragiten die.

Besteak atalean, eta Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren pean, zehaztuta geratu dira Katalunian urriaren 20tik azaroaren 9ra deitutako grebako zerbitzu minimoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia gaur Politika Rajoy Kataluniaren independentzia Espainiako Gobernua albisteak Espainia bideoak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Puigdemont gaur ERC