Politika -

KATALUNIAKO INDEPENDENTZIA

CUPek ez du baztertzen abenduaren 21eko hauteskundeetan parte hartzea

Carles Puigdemonten Gobernua erabat babesten dutela esan du Nuria Gibert CUPeko bozeramaileak, eta ez du baztertu abenduko hauteskundeetara aurkeztea. Militantziak hartuko du erabakia.

AGENTZIAK | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nuria Gibert CUPeko bozeramaileak garbi utzi du erabat babesten dutela Puigdemonten Gobernua, eta, ere berean, ez dutela baztertzen Mariano Rajoyk abenduaren 21erako deitu dituen hauteskundeetan parte hartzea, militantziak hala erabakitzen badu.

CUPeko zinegotzi eta hautetsiekin egindako topaketa baten ostean, prentsaurrekoa eman du Gibertek eta kazetariek Kataluniako independentzia deklarazioaren ondoren Estatuak 155 artikulua aplikatu izanaz, egungo Gobernuaren kargugabetzeaz, eta abenduaren 21erako hauteskundeak deitu izanaz galdetu diote.

"Ez dugu baztertzen abenduaren 21eko hauteskundeetan parte hartzea, ez dugulako ezer baztertzen. Hori militantziak erabaki behar du. Baina ez dugu aitortzen 155. artikuluak indarrean jarritako inolako neurririk" esan du, argi utziz egiten dutena egiten dutela ere, militatziak erabakiko duela.

Nuria Gibertek argi utzi du: "Ez dugu ez itxiak ez arduragabeak izan nahi, eta horregatik, aukera guztiak, guzti-guztiak, ditugu mahai gainean".

Bide batez, Carles Puigdemonti Errepublika nola garatuko duen zehazteko eskatu dio: "Gobernuak lehenbailehen publiko egin beharko lituzke neurri horiek. CUPek uste du Errepublika "atzera bueltarik gabekoa izateko, jendearen bizimodua hobetuko duten neurriz osatu" behar dela.

"Ez dugu ez errege ez erreginaorderik" gaineratu du, Felipe VI eta Soraya Saenz de Santamariari erreferentzia eginez. Mariano Rajoyk Saenz de Santamariari eman dizkio, izan ere, Generalitateko Presidentziaren funtzioak. Erabaki hori larunbateko BOEan argitaratu zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia gaur Kataluniako erreferenduma gaur Eguneko albisteak