Politika -

Larunbatean eta igandean dira

EAJ ez da Bilboko manifestazioan izango; Bartzelonakoan, aldiz, bai

EH Bilduk, hainbat euskal sindikatuk eta Gure Esku Dagok deitu dute larunbatean egingo den Bizkaiko hiriburuko manifestazioa.

Andoni Ortuzar EAJko presidentea, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Andoni Ortuzar EAJko presidentea, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Andoni Ortuzar EAJko presidentea, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk erabaki du ez duela parte hartuko larunbat honetan Bilbon EH Bilduk, hainbat euskal sindikatuk eta Gure Esku Dagok deitu duten manifestazioan; jeltzaleak, aldiz, Bartzelonan igandean egingo duten manifestazioan izango dira. Bi manifestazioen xedea Kataluniako Generalitatearen kargugabetutako zortzi kontseilari kartzelara bidali izana gaitzestea da.

Halaber, EAJren Asanblada Nazionalak, kongresuen arteko organo nagusiak, elkarretaratzea egingo du ostiral arratsaldean, "Beti Kataluniarekin" lemapean. Asanblada Nazionalak protesta egingo du 155. artikuluaren aplikazioaren aurka, bai eta kargugabetutako kontseilarien kartzelaratzearen aurka ere.

EAJk adierazi du guztiz ados dagoela "ezker abertzaleak eta beste hainbat eragilek" deitutako larunbateko manifestazioaren leloarekin; baina, "nola prestatu den ekimen hau" ez du gustuko izan.

"Beste agente politiko eta sozialekin etorkizunean ekintzak egiteko borondatea badugu, eta hala jarri dugu mahai gainean, baina etorkizunean EAJk parte hartuko duen edozein ekimenek lan komuna, ikuspegi zabala, eta integrazio borontea izan behar dute oinarian, eta ez estrategia partikularrak" esan zuen atzo Ortuzarrrek.

Gure Esku Dagok Kataluniaren alde deitutako bi manifestaziotan hartu du parte

EAJk gogorarazi du Gure Esku Dagok Kataluniaren alde deitutako bi manifestazioetan izan dela; eta adierazi du, halaber, beharrezkoa denean eta guztion artean erabakitzekotan" mobilizatuko dela, baina ohartarazi du ez duela asmorik "euskal gizartea etengabeko mobilizazio-egoeran" izateko.

"Euskal gizartea bi aldiz irten da kaleetara azken hilabetean. Tamalez, Katalunian gauzak nola doazen ikusirik, gerta liteke mobilizazio gehiago egin behar izatea, hemen ere, Euskadin. Baina kalera berriro indarrez eta modu plural eta integratzaile batean irteteko, Kataluniak zehaztu behar du noiz eta nola. Eta guk horrela egingo dugu. Beti Kataluniarekin, eta Katalunian", gehitu du.

Andoni Ortuzar buru duen alderdiak nabarmendu du beti eman diola babesa Kataluniari, eta gaitzetsi dituela, dagoeneko, 155.aren aplikazioa eta kartzelatzeak. Horrez gain, Jose Manuel Maza Estatuko fiskal nagusia bere kargutik kentzeko ere eskatu du.

"Inork ez dezake zalantzarik izan: Kataluniarekiko elkartasuna erakutsi du EAJk", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia egoera politikoa Politika albisteak PNV-EAJ ELA LAB albisteak Kataluniaren independentzia Gure Esku giza katea Alderdi politikoak bideoak EH Bildu Gipuzkoa Gaurko azken orduko albistea Kataluniako Hauteskundeak gaur