Politika -

Katalunia

Hainbat kontseilarik tratu iraingarria jaso zuten, abokatuak salatu duenez

Kargugabetutako hainbat kontseilariren abokatuak, Jaume Alonso-Cuevavillasek, azaldu duenez, Carles Mundó kontseilariak hainbat zauri jasan ditu eskumuturrean.

Kontseilariak ostegunean espetxeratu zituzten. Argazkia: EFE
Kontseilariak ostegunean espetxeratu zituzten. Argazkia: EFE
Kontseilariak ostegunean espetxeratu zituzten. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jaume Alonso-Cuevavillas kargugabetutako hainbat kontseilariren abokatuak gaur salatu duenez, zenbait kontseilarik "tratu iraingarria" jasan zuten espetxean sartu aurretik. Abokatu horrek azaldu duenez, horietako bi biluztu zituen Espainiako Poliziak, eta Carles Mundó kontseilariak hainbat zauri jaso zituen eskumuturrean.

RAC1 irrati-kateari egindako adierazpenetan Alonso-Cuevavillasek azaldu duenez, osteguneko 22:00ak aldera kargugabetutako kontseilariak Estremerako espetxera iritsi ziren, afaldu barik eta eskuburdinak jarrita, furgoneta batean ordu asko eman ostean. Kartzelara iristean, kontseilari bi biluztu zituela Espainiako Poliziak, "droga-trafikatzaile izango balira bezala".

Poliziak atzetik jarri zizkien eskuburdinak, eta hori "preso arriskutsuekin bakarrik egiten da". Ondorioz, "erabat beharrezkoa ez zen umiliaziotzat" jo du kontseilari kargugabetuek jasandako tratua.

Gainera, abokatuak azaldu duenez, Carles Mundó Justizia kontseilariak hainbat zauri jasan zituen eskumuturrean, eskuburdinak "estuegi" jarri zizkiotelako; horren ondorioz, medikuek Mundó artatu behar izan zuten.

Abokatuaren esanetan, "dena da salagarria, baina froga bakarra Mundó kontseilariaren zauria da, Poliziak esango baitu dena errespetuzkoa izan zela".

Azkenik, Alonso-Cuevavillasek salatu duenez, saioan epaileak ez zien ezta entzun ere egin, sakeleko telefonoarekin baitzegoen. Kautelazko neurriei dagokienez, "batera hartu zituzten, kasu bakoitza kontuan hartu gabe".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea