Publizitatea
X

Irratia zuzenean

Forcadell kartzelatik irten da, 150.000 euroko bermea ordainduta

Politika

Katalunia

Forcadell kartzelatik irten da, 150.000 euroko bermea ordainduta

Agentziak | Erredakzioa

2017/11/10

Hamabost bat ordu eman ditu Kataluniako Parlamentuko presidenteak Alcala Mecoko espetxean.

  • Partekatu
  • Bidali

Iruzkinak

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea kartzelatik irten da, ostiral honetako arratsaldeko lehen orduan, 150.000 euroko bermea ordainduta. Auzitegi Goreneko Pablo Llarena epaileak ezarri zion fidantza hori.

Forcadell Audi markako auto batean irten da espetxetik; gidariaz gain, beste bi lagun zihoazen bertan. Eskolta-moduan, gainera, beste auto bat zebilen.Ez du adierazpenik egin kartzelatik atera denean.

Kataluniako Parlamentuko presidentea atzo gauean iritsi zen Alcala Mecora, 23:30 aldera, kolore grisa zuen auto batean, Guardia Zibilaren furgoneta batek lagunduta. Ia hamabost ordu eman ditu espetxean; Alcala Mecon bertan, Dolors Bassa eta Meritxell Borras kargugabetutako kontseilariak daude.

Pablo Llarena epaileak Forcadell aske uztea agintzeko eman duen autoak dakarrenez, ANC Kataluniako Aanblada Nazionaleko diruzainak egokitu du bermea; atzo, plataforma independentista horrek esan zuen bere "erresistentzia-kutxak" egingo ziela aurre Kataluniako Parlamentuko kideek eman behar zituzten bermeei. Matxinadagatik, sediziogatik eta dirua bidegabe erabiltzeagatik deklaratu behar izan dute.

ANCk (Forcadell berak ere zuzendu zuen, bere garaian) deia egin du "elkartasun kutxan" funtsak sartzeko; Omnium Culturalekin batera bultzatu du kutxa hori, xede izanik "Estatuaren erasoei" aurre egitea. Kartzelatik irtenda, eta epailearen aginduz, Forcadell astero joan beharko da epai-egoitzan, eta ezin izango da Espainiatik irten.

Llarenak, halaber, agindu dio Gorenean azaltzea deia jasotzen duen bakoitzean; ohartarazi dio kartzelara joango dela neurri horiek ez baditu betetzen.

'Kontzientzia, lasai'

Kartzelatik atera orduko, Forcadellek Twitter bidez esan du "kontzientzia lasai" duela, hartutako erabakiak "zuzenak" izan direlako: "Parlamentuan, herri subiranotasunaren egoitzan, adierazpen askatasuna bermatzea", idatzi du.

Beste txio batean, berriz, espetxean dauden kontseilariak izan ditu gogoan. "Ez zaituztegu ahaztuko, libre nahi zaituztegu, etxean, zuen familiekin. Zuekin gaude", gehitu du.

Azken orduotan jasotako elkartasuna ere eskertu du Forcadellek. "Zuen babesak eta elkartasunak gogorrago, askeago eta duinago egiten gaitu", txiokatu du.

Abokatua goizean goiz joan da Auzitegira

Andreu Van Den Eynde Forcadellen abokatua goizean goiz, 08:30ean, joan da Auzitegira 150.000 euroko fidantza ordaintzeko izapideak abiatzera. Bi ordu eman ditu han, eta kazetarien galderei erantzun gabe irten da.

Defentsako prokuradorea Gorenean geratu da, prozesuaren nondik norakoak zaintzen.

Gorenak bermea ordaindu dutela egiaztatuta, Llarena epaileak Forcadell aske uzteko agindua eman du eguerdian. Agindu hori Espetxe Zuzendaritzan jasotzen dutenean geratuko da libre Parlamentuko presidentea.

Lluis Maria Corominas, Lluis Guino eta Ramona Barrufet (PDeCAT) eta Anna Simo (ERC) Mahaiko kideak aske geratu dira bart, 25.000 euroko bermea ordainduta. Joan Josep Nuet (CSQP) ere libre geratu da, baina epaileak ez dio fidantzarik eskatu.

Elkarretaratze isila Parlamentuan

Forcadelli eta Mahaiko kideei babesa emateko, Kataluniako Parlamentuko sail ezberdinetako 100 bat langilek elkarretaratze isila egin dute gaur ganberako eskaileratan.

'Libertad presos politicos' (preso politikoak aske) eta 'Democracia' (demokrazia) zioten kartelak eskuan, ordu-erdiz egon dira bilduta beharginak.

 

 

 

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea

NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN
Erreportajeak Aktualitateari buruzko elkarrizketak. Erreportajeak
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena