Politika -

Memoriaren eguna

'Ikara gainditu eta indarkeriaz hitz egitea' eskatu diete gazteek nagusiei

Gogora institutuak ekitaldia egin du Bilboko egoitzan, Memoriaren Egunean. Protagonismoa 21 gaztek izan dute.

Gazteak Sara Buesa ETAko biktimaren kontakizuna entzuten. Argazkia: EFE
Gazteak Sara Buesa ETAko biktimaren kontakizuna entzuten. Argazkia: EFE
Gogora Institutuak antolatu duen ekitaldian gazteei eman die hitza

1:36

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazteak terrorismoaren biktimekin bildu dira gaur. “Beldurra gainditu” eta Euskal Herrian bizi izandako “indarkeriaz hitz egiteko” eskatu diete gazteek nagusiei.

Gogora institutuak ekitaldia egin du gaur Bilboko egoitzan, Memoriaren Egunean. Protagonismoa 21 gaztek izan dute. Ikastetxeetan biktimekin egindako bileretan parte hartu zuten gazteek duela zenbait ikasturte. Iñigo Urkullu lehendakaria ekitaldian izan da.

Indarkeria terrorista “tabu” gai bat dela kritikatu dute gazteek, “inork ez duelako inon indarkeriaz hitz egiten”, “ezta orain ere, nahiz eta arorik gogorrena aspaldi atzean utzi”. “Oraindik ez dago pentsamolde ‘berririk’ eta hitz egiteko beldur gara”, adierazi dute.

Terrorismoa ia ezagutu ez zuten gazteen ahotan, “hitz egiten ez baldin bada, ez dugu ezer jakingo, eta ez dugu ezer ikasiko, berriro ez errepikatzeko”. Horregatik, “guztia kontatu beharra dago”, azpimarratu dute. Gazteak burbuila batean bakarturik ezin dituztela izan erantsi dute, gaur oraindik “gauzak pasatzen” ari direlako, nahiz eta terrorismorik ez izan.

“Kanpora atera beharra dago”, esan dute gazteek. Bestalde, senitartekoen hilketa barkatzeko biktimen gaitasunak gazteak txunditu ditu.

“Memoria kritikoa”

Ekitaldian, “biktimak oroitzeko eta aintzat hartzeko memoria kritikoa” defendatu du lehendakariak, gertatutakoa “sekula ez errepikatzeko”.

Gogoraren ekitaldian alderdi guztietako ordezkariek parte hartu dute, PPkoek salbu. Eusko Jaurlaritzako zenbait kide, Andoni Ortuzar eta Idoia Mendia EAJ eta PSE-EEko buruzagiak, hurrenez hurren; Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea, besteak beste, bertan izan dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Bilbo Zer gertatu da Bizkaian? EAE ETA albisteak Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak Gaur Gogora albisteak