Politika -

Katalunia

PSOEko baroiek erabateko babesa erakutsi diete Miquel Icetari eta Pedro Sanchezi

Baroiek bat egin dute biek Katalunian eta bertako gatazkarren harira hartutako erabakiekin. PSOE Politika Federaleko Kontseilua ari da egiten, bai eta alderdiko Batzorde Federala.

Pedro Sanchez, PSOEren Batzorde Federalera iritsi denean. Argazkia: EFE.
Pedro Sanchez, PSOEren Batzorde Federalera iritsi denean. Argazkia: EFE.
Baroiek babesa eman diote Sanchezi Katalunian izandako estrategiagatik

1:24

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEko baroiek bat egin dute, larunbat honetan, Pedro Sanchezek Kataluniako gatazkan egindako lanarekin; ados agertu dira, halaber, Miquel Iceta PSCko lider eta Generalitaterako hautagaiak abenduaren 21eko hauteskunde-zerrendetan erakutsitako zeharkakotasunarekin; izan ere, zenbait ideologiako politikariak sartuko ditu zerrendetan Icetak.

Politika Federaleko Kontseilua ari da egiten PSOE, Madrilen, bai eta alderdiko Batzorde Federala ere; iritsi direnean, bere garaian Sanchezekin kritiko azaldu ziren hainbat agintarik babestu dute PSOEk egindakoa 155.ari dagokionez; ondorengoak izan dira: Andaluziako presidente Susana Diaz; Extremadurako presidente Guillermo Fernandez Vara; Valentziako presidente Ximo Puig; eta Gaztela-Mantxako presidente Emiliano Garcia-Page.

Susana Diaz andaluziarrak nabarmendu du PSOE "behar den tokian dagoela"; Garcia-Pagek, berriz, esan du alderdia "beste garai batzuetan izan duen bertigotik eta garrantzirik ezatik oso urrun" dagoela, egun.

Ximo Puig valentziarrak ere nabarmendu du PSOE "bide zuzenean" dagoela, "Espainia jostea xede".

Miquel Icetarentzako goraipamenak

Gainera, Guillermo Fernandez Vara Extremadurako presidente eta Politika Federaleko Kontseiluaren koordinatzaileak (organo horretan autonomia-erkidegoetako presidenteak, idazkari nagusiak eta PSOEren zuzendaritza daude) Miquel Iceta PSCko liderrak Kataluniako hauteskundeetarako prestatu duen estrategia goraipatu du.

Vararen iritziz, "guztiz ondo" hartu du Icetak "erdigune politikoa, moderazioa eta katalanismoa"; Icetak desagertutako Unio alderdiko hainbat kide bereganatu izatea txalotu du Varak.

Haren esanetan, sozialismo eta katalanismo moderatuaren batasuna "gehiketa perfektua da, xede izanik orain arte nor bozkatu ez zuten hainbat katalanen bihotzera iristea".

Garcia-Pagek ere babestu du PSCren estrategia; izan ere, uste du "zubi erabilgarri eta eraginkorra" izango dela. Garcia-Pagek dio PSC "abenduaren 21eko sorpresa nagusia izango dela, pieza guztiak mugitzeko eta puzzlea osatzeko gaitasuna izango baitu".

Icetak bozkatzeko deia egin du, "norabidea aldatzeko"

PSCko lehen idazkari Miquel Icetak deia egin die Kataluniako herritarrei abenduaren 21ean bozka dezaten, haren iritziz prozesu independentistak sortutako “talka” iraultzea xede.

Icetaren esanetan, Katalunian abenduan egingo dituzten hauteskundeak ez dira plebiszitarioak izango, askotariko proiektuak dituzten alderdiek parte hartuko baitute; hala ere, jarraian, gehitu du hautesleek erabaki behar dutela zer aukeratzen duten: "Hondamendira daraman independentismoa, ala norabidea aldatzea".

"Modu ausartegi batean, Artur Masek esan zuen talkaren norabidea hartuko zuela. Bada, izan dugu talka, kaltea eginda dago; norabidea aldatzeko garaia da, eta asmatzekoa ere bai", adierazi du; Icetak esan ere esan du helburu hori gauzatzeko modukoa dela.

"PSCren zerrendetan demokrata-kristauak daude, eta komunistak ere bai", nabarmendu du, pozik; Icetak lortu du Unioko lider ohi Ramon Espadaler eta Carlos Jimenez Villarejo ustelkeriaren aurkako fiskal ohi eta Podemoseko diputatu ohia hautagaitza berean biltzea.

Galdetu diotenean ea oso zaila izan den PSCren iritzia PSOErenarekin bat egitea, Katalunian Konstituzioaren 155. Artikuluaren aplikazioari dagokionez (azkenean, Espainiako Gobernuaren erabakia babestu zuten), Icetak ezetz esan du: "Argi esan dezaket Pedro Sanchez idazkari nagusiarekin eta PSOEko zuzendaritzarekin partekatu ditudala erabakiak. Asko lagundu ziguten ahalegindu ginenean 155.a aplikatu behar izan ez zedin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak Berriak Politika Albisteak Alderdi Sozialista Kataluniaren independentzia Aldaketa PSOEn argazkiak Alderdi politikoak bideoak Pedro Sánchez bideoak Eguneko albisteak Kataluniako hauteskundeak