Politika -

Memoria Historikoa

Frankismoko epaiketa politikoak baliogabetzeko lehen urratsa eman du Kongresuak

Ekimenak talde parlamentario gehienen babesa dauka. Alderdi Popularrak kontra bozkatu du eta Ciudadanos abstenitu egin da.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Diputatuen Kongresuak lehen urratsa eman du gaur Memoria Historikoaren Legea erreformatzeko eta frankismo garaian egin ziren epaiketa politikoak baliogabetzeko.

Lege proposamena PDeCATek aurkeztu du eta talde gehienek babestu dute: PSOE, Unidos Podemos, ERC, EAJ eta EH Bildu. Alderdi Popularrak, UPNk eta Foro Asturiasek kontra bozkatu dute; Ciudadanos, berriz, abstenitu egin da.

Memoria Historikoaren Legea 2007ko abenduan onartu zuten.

PDeCATen proposamenak lege horren hirugarren artikulua aldatzea babesten du, frankismo garaiko epaitegiak, epai-mahaiak nahiz bestelako zigor edo organo administratiboak ez-legezkotzat jotzeaz gain, guztiak bertan behera uzteko, "pertsonak arrazoi politiko, ideologiko edo erlijiosoengatik zigortzen zituztelako".

Ildo berean, epaitegi eta organo horiek emandako ebazpen guztiak baliogabetzeko galdegiten du.

Bestalde, Memoria Historikoaren Legea erreformatzeko proposamen gehiago izango dira aurrerantzean. PSOE, esaterako, bere proiektu propioa prestatzen ari da, besteak beste, Francoren hondakinak Eroritakoen Haranetik ateratzeko eta Francisco Franco fundazioa legez kanporatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Politika Albisteak Frankismoari buruzko albisteak