Politika -

KONGRESUA

Itsaso udalerri gisa onartzeko eskatu dio EAJk Espainiako Gobernuari

Iazko azaroan erabaki zuten Itsasoko herritarrek, erreferendum bidez, Ezkiotik banatzea. Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu egin zuen erabakia.  Espainiako Gobernuak baliogabetu egin zuen desanexioa.

Iazko azaroan erabaki zuen Itsasok, galdeketa bidez, Ezkiotik banatzea. Argazkia: EiTB.
Iazko azaroan erabaki zuen Itsasok, galdeketa bidez, Ezkiotik banatzea. Argazkia: EiTB.
Iazko azaroan erabaki zuen Itsasok, galdeketa bidez, Ezkiotik banatzea. Argazkia: EiTB.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itsaso udalerriaren egoera Kongresuko kontrol saioko eztabaidara iritsi da gaur. Iñigo Barandiaran EAJko diputatuak eraman du gaia, Espainiako Gobernuari helegiteak albora ditzala eskatu, eta Itsaso udalerri gisa aitortzea eskatzeko.

Iazko azaroan erabaki zuten Itsasoko herritarrek, erreferendum bidez, Ezkiotik banatzea. Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu egin zuen erabakia. Urte honen hasieran, baina, Espainiako Gobernuak baliogabetu egin zuen desanexioa, legedi espainiarraren arabera, herri berriek gutxienez 5.000 biztanle izan behar dituztela argudiatuta.

Barandiaranek gaurko saioan gogora ekarri du, Ezkio eta Itsaso 1964an, Frankismo garaian, "behartuta" elkartu zituztela, baina Ezkio udalerria zela "duela 500 urtetik". Frankismo garaiko erabakiak "zuzentzeko", Gipuzkoako Foru Aldundiak baduela arau berezi bat esan du diputatu jeltzaleak.

"Egoera antidemokratikoen ondorioz hartutako erabakiei aurre egiteko salbuespenezko araua da", Barandiaranen esanetan, eta Gipuzkoaren eskubide historikoetan esku hartzea egotzi dio Espainiako Gobernuari.

Jeltzaleek gaur egindako eskariari berehala erantzun dio Soraya Saez de Santamaria Espainiako Exekutiboko presidenteordea, Kongresuan bertan. Gai hori auzitegietan dagoela eta azken erabakia epaileek hartuko dutela nabarmendu du. Espainiako Gobernuaren iritzian, "Itsasok legea urratu zuen, 158 biztanlerekin ezin baitu udalerri izan".

"Estatuko legedia oinarrizkoa da, eta ez da kapritxozkoa", gaineratu du.

Herri-galdeketa

2016ko irailaren 18an egin zen herri-galdeketa, Gipuzkoako Aldundiaren babesarekin. Galdeketa horretan, bizilagunek banantzearen aldeko hautua egin zuten, eta, horren aurrean, Foru Gobernuko Kontseiluak desanexio dekretua onartu zuen abenduaren 22an.

2019an egingo diren hurrengo udal hauteskundeetara arte, Foru Gobernuko Kontseiluak izendatutako batzorde kudeatzaile batek zuzenduko du udalerri berria.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Gaurko albisteak Gipuzkoa Espainiako Gobernua bideoak Espainia albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Goierriko albisteak