Politika -

Diputatuen Kongresua

Lurralde batzordea Konstituzioa erreformatzeko itxaropen txikiarekin osatu da

Batzordea PSOEk bultzatu zuen. Espero bezala, Podemosek eta abertzaleek (PDeCAT, ERC, EAJ eta EH Bildu) ez dute parte hartuko. PPk eta Ciudadanosek, ostera, babesa eman diote.

Diputatuen Kongresuko lurralde batzordea. Argazkia: EFE
Diputatuen Kongresuko lurralde batzordea. Argazkia: EFE
Diputatuen Kongresuko lurralde batzordea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPk lurralde batzordearen helburuak mugatu ditu gaur; izan ere, Konstituzioa erreformatzea xede izango ez duela esan du Alderdi Popularrak, erkidegoen Estatua modernizatzea baizik. Batzordea goizean osatu dute Diputatuen Kongresuan.

Batzordea PSOEk bultzatu zuen, eta Enrique Serrano sozialistak zuzenduko du. Espero bezala, Podemosek eta abertzaleek (PDeCAT, ERC, EAJ eta EH Bildu) ez dute parte hartuko. PPk eta Ciudadanosek, ostera, babesa eman diote, baina bi alderdiek Konstituzioaren erreforma bat bultzatzeko asmoak zapuztu dituzte.

“Batzordeak erkidegoen Estatuko modernizazioaz eta ebaluaketaz hitz egingo du. Besterik ez espero”, ohartarazi du Jose Antonio Bermudez de Castro Kongresuko PPren idazkari nagusiak. “Konstituzioa erreformatzeko asmoarekin ez gatoz”, erantsi du.

Batzordera “itxaropen txikiarekin” heldu direla adierazi du Ignacio Prendes Ciudadanoseko bozeramaileak. “Demokraziari kolpe eman dioten” abertzaleei “lurreratze-pista” bat prestatu nahi izatea kritikatu du Prendesek.

27 kide

PSOEk lurralde batzordea Konstituzioa erreformatzeko atariko bezala planteatu zuen. Batzordea 27 kidek osatzen dute eta mahaiko kide guztiak Alderdi Popularrekoak eta sozialistak dira, Ciudadanosek parte hartu nahi izan ez duelako.

Pablo Iglesias Podemoseko buruzagiaren hitzetan, ez da batzordea martxan jartzeko “unerik egokiena”, Generalitateko kontseilari kargugabetuak kartzelan daudenean.

Aitor Esteban EAJko bozeramaileak etorkizunean parte hartzeko atea zabalik utzi du, “elkarrizketari ate bat irekitzea beti positiboa delako”.

Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko bozeramailea ezkorrago agertu da. Abertzalearen ahotan, batzordeak ez du ibilbiderik izango, “norabide negatiboan ez baldin bada”. Erkidegoen Estatuan “atzerapauso” bat eman dezakeela uste du Beitialarrangoitiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Albisteak Alderdi Sozialista Alderdi Popularra Espainiako Gobernua Espainia bideoak EH Bildu Nafarroa Ciudadanosi buruzko albisteak Albisteak Podemos berriak