Politika -

PRESOAK

Belen Gonzalez Peñalva ETAko presoa hil da

Donostiako Onkologikoan hil da. Bere gaixotasuna tarteko, etxean betetzen ari zen espetxe zigorra.

Belen Gonzalez Peñalva. Artxiboko argazkia: EiTB
Belen Gonzalez Peñalva. Artxiboko argazkia: EiTB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Belen Gonzalez Peñalva ETAko presoa hil da goizaldean Donostiako Onkologikoan, Etxerat presoen senideen elkarteak ohar labur baten bidez jakinarazi duenez. Bere gaixotasuna tarteko, etxean betetzen ari zen espetxe zigorra.

ETAko Madril taldeko kide izan zen eta ehun urtetik gorako espetxe zigorra ezarri zioten 1985ean, hainbat atentatutan parte hartzeagatik. Frantzian zigorra bete ondoren, 2005ean espainiaratu zuten.

Gonzalez Peñalvak ETAk Espainiako Gobernuarekin izandako hainbat elkarrizketatan parte hartu zuen: Felipe Gonzalezen gobernuarekin, 1989an, Aljerian, eta Jose Maria Aznarren gobernuarekin, 1999an, Suitzan.

1999an atxilotu zuten Frantzian, ETAren su-etena indarrean zegoela.

Bestalde, Etxerat elkarteak doluminak eta besarkada bat eman dizkie haren senide eta lagunei.

Azken agurra Lazkaon

Bestalde, ezker abertzaleak ekitaldia egingo du datorren larunbatean Lazkaon, Belen Gonzalez Peñalvari azken agurra emateko.

“Bizi guztia borrokan eman zuen, feminismoaren, langileen eta Euskal Herriaren askatasunaren alde”, azpimarratu dute Sortuko, Ernaiko eta LABeko ordezkariek Donostian egin duten agerraldian.

ETAk Felipe Gonzalezen Gobernuarekin Aljerren (1989) eta Jose Maria Aznarren Exekutiboarekin Zurichen (1999) egin zituen negoziazioetan parte hartu zuela goraipatu dute.

Amaitzeko, gaixotasun larriak dituzten preso guztiak berehala askatzeko exijitu dute eta bide horretan adostasun zabalak bilatzeko lan egin dezatela eskatu die gainerako eragile politiko eta sindikalei eta Euskal Herriko erakundeei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Presoak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Eguneko albisteak