Politika -

Puigdemonten deklarazioa

Espainiako kartzelen inguruko informazioa eskatu dio Belgikako Fiskaltzak Lamelari

Puigdemontek eta Belgikara ihes egin zuten lau kontseilari kargugabetuek ostiral honetan deklaratu behar dute. Horregatik, Bruselako Fiskaltzak Auzitegi Nazionaleko epaileari informazioa eskatu dio.

Carles Puigdemont presidenta eta Belgikara ihes egin zuten lau kontseilari kargugabetuak. EFE
Carles Puigdemont presidenta eta Belgikara ihes egin zuten lau kontseilari kargugabetuak. EFE
Carles Puigdemont presidenta eta Belgikara ihes egin zuten lau kontseilari kargugabetuak. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont presidentak eta Belgikara ihes egin zuten lau kontseilari kargugabetuek ostiral honetan deklaratu behar dute. Horregatik, Bruselako Fiskaltzak Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileari Espainiako kartzelen inguruko informazioa eskatu dio.

Bost buruzagiek 14:00etan dute hitzordua, Bruselako Kontseiluaren Ganberako epailearen aurrean lehen agerraldia egiteko; izan ere, atxiloketa euroaginduen inguruko erabakia magistratu horrek hartu beharko du.

Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, kartzelen egoeraren inguruko informazioa eta datu judizialak eskatu dizkio Belgikako Fiskaltzak Lamelari. Gaur bertan erantzungo dio Auzitegi Nazionaleko epaileak.

Azaroaren 3an, presidenta eta lau kontseilari kargugabetuak atxilotzeko euroaginduak eman zituen Lamelak, egun bat lehenago deklaratzera joan ez zirela kontuan hartuta.

Matxinada, sedizioa eta diru publikoak bidegabe erabiltzea leporatu zien Lamelak, eta Ministerio Publikoak prebarikazioa eta desobedientzia erantsi zituen.

Prozesu judizialaren epeak

Belgikako epaileak ostiral honetan bertan har dezake erabaki bat, horretarako informazio guztia eskura baldin badu, baina aldeek aurkeztutako alegazioak aztertu arte epaia atzeratuko duela ematen du.

Aldeetako batek argudioak prestatzeko denbora gehiago eskatzen baldin badu epeak luzatuko lirateke, epaileak horretarako baimena eman ezkero.

Espainiaratzea erabaki ala ez, Bruselako Fiskaltzak edo defentsek helegitea aurkezteko 24 orduko epea izango dute. Hori gertatzen baldin bada, auzia Apelazio Auzitegiaren esku geratuko litzateke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Katalunia gaur Politika Bruselako albisteak gaur Kataluniaren independentzia Belgika albisteak Espainia argazkiak Gaurko azken orduko albistea Pere Aragonès