Politika -

KATALUNIA

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak Gorenera bidali du Forcadellen aurkako auzia

Pablo Llarena epailea Carme Forcadell eta Parlamentuko Mahaia ikertzen ari da balizko matxinada delitua leporatuta, eta beraien kontrako ikerketa guztiak Gorenean bateratu nahi ditu.

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea.
Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur goizean, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak Auzitegi Gorenera bidali du Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentearen eta Mahaiaren kontra irekita duen auzia. Auzitegi Gorenaren asmoa horien kontrako auzia bateratzea da.

Balizko desobedientzia eta prebarikazio delituak leporatuta eta dirua bidegabe erabili dutelakoan, Maria Eugenia Alegret Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiko epaileak Forcadellen eta Mahaiaren aurkako ikerketa abiatu zuen. Orain, Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epailearen esku utzi du auzia, azken horrek egindako errekerimenduari erantzunez.

Pablo Llarena epaileak beste ikerketa bat irekita du dagoeneko Carme Forcadell eta Parlamentuko Mahaiaren aurka, balizko matxinada delitua leporatuta, eta beraien kontrako ikerketa guztiak Gorenean bateratu nahi ditu.

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak irekitako auzian, Forcadellez gain, Lluis Corominas, Lluis Guino, Anna Simo, Joan Josep Nuet eta Ramona Barrufet ikertzen ari dira.

Bestalde, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak zabaldutako prozesuan parte diren alde batzuek Kataluniako Gobernuaren kontra irekitako auzia ere bere gain hartzeko eskatu diote Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileari. Izan ere, Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak darama kargugabetutako Kataluniako Gobernuko kideen kontrako auzia, eta matxinada eta sedizio delituez gain, dirua bidegabe erabiltzea leporatzen die.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako albisteak Politika Auzitegi Gorena albisteak Eguneko albisteak