Politika -

Proposamena

EH Bilduk 'salbuespen egoera' honetarako ituna eskaini die EAJri eta Podemosi

Koalizio abertzaleak azpimarratu du "inboluzio demokratiko" garaia dela, Katalunian gertatutakoagatik, eta EAJ-EH Bildu-Podemos hirukoa aukera indartsua izango litzatekeela.

Iriarte eta Otegi, proposamenaren aurkezpenean. Argazkia: Efe
Iriarte eta Otegi, proposamenaren aurkezpenean. Argazkia: Efe
EH Bilduk EAJri eta Elkarrekin Podemosi gobernu-eskaintza egin die

1:05

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk ituna eskaini die EAJri eta Elkarrekin Podemosi EAEn, Katalunian gertatutakoaren ostean sortu den "inboluzio demokratikoa"ri aurre egiteko, eta "behar izanez gero" gobernu ardurak beregain hartzeko prest agertu da.

Arnaldo Otegi koalizioaren koordinatzaileak eta Maddalen Iriarte Legebiltzarreko bozeramaileak aurkeztu dute proposamena, Bilbon egindako ekitaldi batean.

EH Bilduk EAEn "aliantza alternatiboa" sortzea proposatu du, "burujabetzara, berdintasun sozialera eta bake eta bizikidetza eredu batera eramango gaituen ibilbide orri politiko eta instituzionala" aurrera eramateko.

Koalizioak zehaztu du EAJ eta Elkarrekin Podemos direla proposamenaren helburu, eta lortuko balitz, EH Bilduk "erakunde guztien egonkortasuna bermatzeko konpromisoa" hartuko lukeela, "behar izanez gero, gobernu ardurak barne".

Izan ere, EH Bildurentzat EAJrekin eta Elkarrekin Podemosekin ituna egiteak indarra emango lioke Jaurlaritzari "historiaren momentu kritiko hau kudeatzeko".

Hala ere, Otegik azpimarratu du proposamena ez dela "koiunturala" eta ez duela erantzuna "ordu, aste edo hilabete gutxi barrurako" espero, "ibilbide luzea" egiteko proposamena dela.

Proposamenak hiru zutabe garrantzitsu ditu: autogobernua, eskubide sozialak, eta bakea eta bizikidetza. Gainera, hiru alderdien ituna "ezberdinen artekoa eta euskal gizartearen aniztasunaren isla" izango litzatekeela goraipatu du.

Koalizioak gogorarazi du Nafarroan "antzeko ituna" dagoela, eta horrek agerian uzten duela "gobernu alternatiboa posible" dela eta "errealista" dela.

EH Bilduk aurkeztu duen proposamenaren hasieran egungo egoera "salbuespenezkoa" dela azaltzen du, Katalunian "Espainiako Estatuak joko demokratikoaren oinarrizko arauak deuseztatu" dituelako eta "Zuzenbidezko Estatua eta autonomien estatua" antzaldatu duelako.

Horren harira, 155. artikulua aplikatzea "oso larria" dela adierazi du, eta gaineratu Felipe VI.a Espainiako erregearen hitzaldia "mugarri" izan zela, eta "sektore atzerakoienek kontraerreforma" jarri dutela martxan autogobernua txikitzeko.

Horren aurrean, EH Bilduk "inboluzio demokratiko horri aurre egiteko akordioa" eskaini die EAJri eta Elkarrekin Podemosi, euskal gizartearen "borondatearen errespetua" oinarri hartuta.

Autogobernuari dagokionez, "oinarrizko akordioa" proposatu die Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldean, Estatuarekiko harremana "atxikimendu librean" oinarritua, "autonomiaren markoa gainditzen duena", "eskubide politiko guztiez" jabetzeko.

Eskubide sozialen alorrean, "kalitatezko enplegu duinaren, zerbitzu publikoen, sektore ekoizleen, babes sozial sistemaren eta fiskalitate justu eta parekidearen inguruko akordioak" proposatu ditu.

Bake eta bizikidetzaren harira, EH Bilduk "egia, justizia eta indarkeriaren biktima guztien konponketa lortzeko egitasmoa" lortu nahi du, "gatazkaren ondorioak gainditzeko".

Egitasmo horretan "preso eta erbesteratuentzat ibilbide orria" diseinatuko luke, paraitzen duten "salbuespen juridikoa" amaitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAJ-PNV Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak bideoak EH Bildu Nafarroa Eguneko albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi