Politika -

Diputatuen Kongresua

Kongresuak baztertu egin du Picassoren 'Guernica' Gernikara ekartzea

EH Bilduk egin du proposamena, eta PPk, PSOEk, Ciudadanosek eta Podemosek ekimenaren kontra bozkatu dute.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Diputatuen Kongresuko Kultura Batzordeak atzera bota du Picassoren 'Guernica' koadroa Madriletik Gernikara eramateko izapideak abiaraztea.

Marian Beitialarrangotia EH Bilduko ordezkariak egin du ez legezko proposamena, baina PPk, PSOEk, Ciudadanosek eta Podemosek ekimenaren aurka bozkatu dute.

Beitialarrangotiak gogoratu du ez legezko proposamen hori Euskal Herriko 65 udalek onartu dutela jada, artelan horrek euskal gizartearentzat "balio berezia baitauka".

"Trasladoa ez gauzatzeko arrazoia ez da teknikoa; jarrera horren atzean arrazoi ekonomikoak eta politikoak ezkutatzen dira. Espainiako Gobernuari exijitzen diogu beharrezkoak diren urratsak eman ditzala ‘Guernica’ Gernikara eramateko. Koadroan Gernikan izanda, artelan horretan egiten den salaketa biderkatu egin litzateke", azaldu du.

Joseba Agirretxea EAJko diputatuak EH Bilduren ekimena babestu du eta berretsi egin du Picassoren lana Gernikan ez egoteko arrazoia "politikoa" dela.

EH Bilduri barkamena exijituz

Bestalde, gainerako talde parlamentarioetako ordezkariek proposamena kritikatu dute. Areago, PPk eta Ciudadanosek 1936ko Gerrako sarraskiak ETAren atentatuen pare jarri dituzte, eta EH Bilduri barkamena eskatzeko exijitu diote.

"Norbaitek barkamena eskatzen ez duen bitartean eta talde terroristaren helburua familiak akabatzea zela onartzen ez duen bitartean, eskari hau ez da sinesgarria izango", adierazi du Pedro Penco Alderdi Popularreko diputatuak.

"Indarkeria mota guztiak ukatzeko baliatu ezazue une hau. 'Guernica' basakeriaren sinboloa da, eta berdin du Condor Legioak edo hiltzaile talde batek egin bazuen. ETAk egindakoaz lotsatuta zaudetela esaten ez duzuen bitartean ez dugu sinetsiko koadro honek hunkitu egiten zaituztetela", esan du Marta Rivera de la Cruz Ciudadanoseko ordezkariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Gernikako bonbardaketa Politika albisteak Gernika-Lumo EH Bildu Gaurko azken orduko albistea