Politika -

Presoak

Manifestazioa gaur Parisen, 'salbuespeneko legedia'ren kontra

Bakearen artisauek deitu dute martxa, "Bakea Euskal Herrian: Orain presoak" lelopean. EAJko, EH Bilduko, ELAeko eta LABeko ordezkariak izango dira. Frantziako Alderdi Sozialistak ere bat egin du.

Milaka manifestari Parisen, manifestazioa hasi zain. Argazkia: EiTB.
Paris, manifestazioa. Argakia: EiTB.
Milaka manifestari Parisen, manifestazioa hasi zain. Argazkia: EiTB.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bakearen artisauek mobilizazioa deitu dute larunbat honetan, abenduak 9, Parisen, 'Bakea Euskal Herrian: Orain presoak' lelopean. Bertan, euskal presoei aplikatzen zaien "salbuespeneko legedia" bertan behera uztea eskatuko dute.

Parisko Montparnasse tren geltokian ekingo diote manifestazioari , 12:30ean. Ekitaldi politiko batekin bukatuko dute martxa, eta bertan hitza hartuko dute Jean Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidenteak, Michel Tubiana Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidenteak eta preso baten alabak.

Aurreikuspenen arabera, Euskal Herritik 10.000 bat herritar inguru helduko dira Parisera, trenez eta autobusez asko. Mobilizazio honetan, Bakearen artisauek "salbuespenezko neurriak" bertan behera geratzea exijitu nahi dute, eta uste dute presoen egoeraren "erabateko konponbidean" aurrerapausoa izan daitekeela.

Halaber, uste dute premiazkoa dela Frantziako Gobernuari "bake prozesua mahai gainean" jartzea eta hau aukera dela. Zehazki, lau neurri eskatzen dizkiote Frantziako Gobernuari: Presoak gertuko espetxeetara hurbiltzea (Mont de Marsan eta Lannemezan); larriki gaixo dauden presioak aske geratzea; ohiko erregimenari lotuta baldintzak betetzen dituzten presoei baldintzapeko askatasuna aitortzea eta DPS estatusa bertan behera uztea.

Ordezkaritza politiko eta sindikalaHainbat alderdiren eta sindikaturen ordezkaritza izango da manifestazioan, tartean EAJ, EH Bildu, ELA eta LAB. Halaber, mobilizazioari babesa agertu dio Frantziako Alderdi Sozialistak.

Zehazki, Iparraldeko hautetsiak eta afiliatuak igorriko ditu EAJk, Olivier Baratchart buru dutela.

EH Bilduri dagokionez, honako hauek izango dira Parisen: Josu Juaristi europarlamentarioa, Peio Urizar eta Julen Arzuaga lehegiltzakideak, Kike Fernandez de Pinedo eta Josu Unanue batzarkideak, Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkatea, Mikel Biain Oñatiko alkatea, Eneka Maiz Etxarri Aranatzeko alkatea eta Ane Karrere Andoaingoa.

ELA sindikatuaren ordezkaritzan, berriz, Adolfo 'Txiki' Muñoz eta Amaia Muñoa izango dira; eta LAB sindikatuko kideak ere bertan izango dira (Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo).

Frantziako Alderdi Sozialistak (PS) ostiral honetan iragarri du babestu egingo duela martxa.

Data aldaketa

ETAren armagabetzea ahalbidetu zuten 'bakegileek' abenduaren 9ra atzeratu zuten euskal presoen eskubideen alde Parisen deitutako mobilizazioa. Bigarren aldia da data aldatzen dutela; izan ere, hasiera batean abenduaren 16rako iragarri zuten manifestazioa, Luhusoko atxiloketen lehen urteurrena orduan beteko dela eta.

Operazio hartan Txetx Etcheverry, Mixel Berhokoirigoin, Beatrice Molle, Stephane Etxegarai y duela gutxi hil den Mixel Bergougnan atxilotu zituzten, ETAren arma batzuk erabilezin bihurtzen ari zirela.

Alabaina, ekainaren 2an jakinarazi zuten mobilizazioa azaroaren 25era aurreratzea erabaki zutela, abenduaren 16an Euskal Herrian beste deialdi batzuk izango direla kontuan hartuta. Hala, berriro data aldatuta, Parisko mobilizazioa larunbat honetan izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAJ-PNV ELA albisteak Langile Abertzaleen Batzordeak Paris azken albisteak Presoak argazkiak Frantzia argazkiak ETA albisteak EH Bildu Bizkaia Albisteak