Politika -

AUZITEGI NAZIONALA

30 urteko kartzela zigorra GRAPOko bi kideri, Publio Cordonen bahiketagatik

Fiskalak 37 urte eta 10 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuen Jose Antonio Ramon Teijelo eta Maria Victoria Gomez Mendez akusatuentzat.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak 30 urteko kartzela zigorra ezarri die Jose Antonio Ramon Teijelo eta Maria Victoria Gomez Mendez GRAPOko kideei, 1995ean Publio Cordon enpresari aragoiarra bahitzeagatik.

EFEk zabaldutako epaiaren arabera, epaimahaiak bi akusatuen kontrako epaia eman du. 30 urteko zigorra jaso badute ere, gehienera jota 20 urte beteko dituzte. Fiskalak 37 urte eta 10 hilabeteko zigor eskaera egin zuen epaiketan akusatuetako bakoitzarentzat.

Enpresari aragoiarra gatibu egon zen Lyongo etxea alokatzea eta haren gorpua lurperatzea leporatzen zieten Teijelo eta Gomez akusatuei, baina epaiketan biek ala biek beren parte hartzea ukatu zuten. Horrez gain, Teijelok ukatu egin zuen une horretan GRAPOko kide zenik ere.

Teijelo eta Gomez kartzelan daude GRAPOrekin kolaboratzea leporatuta. Epaiaren arabera, akusatuek Lyongo etxea alokatu zuten frantseseko irakasle zirela esanez.

Bestalde, epaimahaiak frogatutzat jo du armairu batean giltzapetuta zegoen enpresaria ihes egiten ahalegindu zela eta ihesaldian leiho batetik erori eta gutxira hil egin zela. Gerora, haren gorpua Mont Ventoux inguruan lurperatu zuten bahitzaileek.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Berriak Politika Epaiketak albisteak Eguneko albisteak Albisteak