Politika -

Kataluniako hauteskundeak

ERCk 'errepublikaren alde eta 155.aren aurka' bozkatu dela nabarmendu du

Hautagaiak esan du ERC lehenengo indar independentista izatea espero zuela.

Marta Rovira (ERC). Irudia: EiTB
Marta Rovira (ERC). Irudia: EiTB
Marta Rovira (ERC). Irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abenduaren 21eko hauteskundeetan ERCko hautagai nagusiak, Marta Rovirak, esan du katalanek "errepublika" bozkatu dutela, eta "155.aren aurka", nahiz eta alderdiak 32 diputaturekin (botoen % 21,42 eskuratuta) hauteskundeak ez irabazi, hala espero izanda ere.

ERCren egoitza nagusian egindako agerraldian, Bartzelonako Estacio del Norden, Marta Rovirak Ciudadanosek irabazi duela esan du "aulkietan eta botoetan", baita bere alderdiak ez duela lehen indar independentista izatea lortu ere, JxCATek bi diputatu gehiagorekin gainditu baitu, nahiz eta portzentaje antzekoak izan.

"Esquerrak lehen indarra izan nahi zuen, baina denaren gainetik eta beti egin izan duen bezala, Kataluniako hiritarren agindu demokratikoaren alde lan egingo du", azpimarratu du Rovirak, gehiengo absolutu independentista errepikatu izanak balio diela ziurtatuz.

Rovirak hiru alderdi zoriondu ditu: batetik, Ciudadanos, Kataluniako hauteskundeak irabazteagatik; bestetik, beste indar independentistei, JuntsxCat eta CUP, Kataluniako independentziaren aldeko "mandatua" berritu dutelako.

Halaber, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari prozesu independentistarekin negoziatzea onartzeko eskatu dio, katalanek hala babestu dutelako berriro ere hautetsontzietan. "Laburpena: independentismoak berriro ere hauteskundeak irabazi ditu eta Rajoyk galdu. Plebiszitu gisa planteatu zituen eta Errepublikak irabazi du", ondorioztatu du Rovirak. Horrez gain, Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioa berehala bertan behera uzteko eskatu dio Rajoyri.

Hauteskunde kanpainan, Generalitatearen eta Estatu espainiarraren arteko aldebiko negoziazioa proposatu du ERCk baldin eta independentismoak irabazten bazuen. Hauteskundeak igarota, Espainiako Gobernuak ez duela alternatibarik uste du: "Mariano Rajoy jauna, mesedez, eseri zaitez elkarrizketa eta negoziazio mahai batean eta errespeta ezazu demokrazia".

"Askatasuna, askatasuna, askatasuna" oihuen artean, espetxean dauden Oriol Junqueras, Joaquim Forn, Jordi Sànchez eta Jordi Cuixart aske uztea eta erbestean daudenak errepresaliarik gabe itzuli ahal izatea eskatu du. ERCk zerrendabururik gabe burutu du kanpaina, izan ere, Oriol Junqueras Kataluniako Gobernuko presidenteorde karkugabetua Estremerako kartzelan dago azaroaren 2tik.

Azkenik, ahalik eta azkarren Gobernu errepublikarra osatzeko deia egin du, Kataluniako erakundeak Espainiako Gobernuaren kontrolpetik atera daitezen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak Politika albisteak Gaurko azken ordukoa Kataluniako Hauteskundeak gaur