Politika -

Gabonetako mezua

'Aniztasuna errespetatzea' eskatu du Felipe VI.ak, 'konfrontazioa' saihesteko

Kataluniaz hitz egitean esan zuen hori, Gabonetako bere mezuan, Espainiako erregeak. Halaber, ustelkeria-kasuei buruz mintzatu zen; izan ere, gizartearen kezka handienetakoa da.

Felipe VI.ak Gabonetako bere mezua eman zuen, atzo gauean. Argazkia: EiTB.
Felipe VI.ak Gabonetako bere mezua eman zuen, atzo gauean. Argazkia: EiTB.
Katalunia, korrupzioa eta matxismoa, protagonista Felipe VI.aren mezuan

1:36

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako errege Felipe VI.ak, abenduaren 24ko gauean, Gabonetako bere ohiko mezuan, Kataluniako aniztasuna errespeta dezatela eskatu zien hilaren 21ean egindako hauteskundeetan hautatuak izan direnei, "euren ideiak gainerakoen eskubideen gainetik inposatu gabe"; bideak, Felipe VI.aren esanetan, "ezin du berriro eraman konfrontaziora eta bazterketara". Bere hitzaldian, gainera, aipamena egin zien ustelkeria-kasuei; izan ere, gizartearen kezka handienetakoa da, haren iritziz. Gainera, indarkeria matxistaren biktimei bere babesa agertu zien, eta nabarmendu zuen beharrezkoa dela elkarrizketa, "ilusioa sortzen duen Espainia eraikitzeko".

Abenduaren 21ean egin zituzten Kataluniako hauteskundeak; horietan, Ciutadansek lortu zituen boto gehien, baina alderdi independentistek berretsi zuten orain arte Parlamentuan izan duten gehiengoa. Felipe VI.aren hitzetan, hauteskunde horien bidez, Kataluniako gizartean "bizikidetasunak lasaitasuna, egonkortasuna eta elkarrekiko errespetua berreskuratu behar ditu"; Espainiako erregearen iritziz, Kataluniako gizartea "anitza" da.

"Duela egun batzuk", ekin zion, "Kataluniako herritarrek bertako Parlamentuan izango dituzten ordezkariak hautatu zituzten; orain, Kataluniako herritar guztienak diren arazoei egin beharko diete aurre, aniztasuna errespetatuz, eta arduraz guztien ongiaz pentsatuz. Bideak ezin du berriro konfrontaziora edo bazterketara eraman; dagoeneko dakigunez, azken horiek bakarrik sortzen dituzte gizartearen desadostasuna, ziurgabetasuna, etsipena eta hiri-pobretzea, pobretze morala eta, jakina, ekonomikoa. Bideak, aldiz, Kataluniako gizartean bizikidetzak lasaitasuna, egonkortasuna eta elkarrekiko errespetua berreskura ditzan lagundu beharko luke; pentsaerak ez lituzke zertan aurrez aurre jarri familiak edo lagunak", nabarmendu zuen.

Felipe VI.ak aipatuta bideak laguntza eman beharko lukete "Kataluniaren konfiantza, prestigioa eta irudirik onena susper daitezen, bai eta berresteko beti izan dituen balioak; balio horiek haren nortasunaren ezaugarriak izan dira, eta historiako unerik onenak eman dizkie: liderra izateko eta ahaleginak egiteko izan duen gaitasuna, sena sortzailea, zabalik irekitasun-bokazioa, konpromiso-borondatea, eta ardura-sena".

Ustelkeria eta indarkeria matxista

Espainiako erregeak, gainera, aipamena egin zien azken hilabeteotan eta urteotan izandako ustelkeria-kasuei: "Gizartearen kezkarik handienetakoa da; gizarteak galdegiten du beharrezkoak diren neurriak har daitezen, ustelkeria guztiz kentzeko eta herritarrek erabateko konfiantza izan ahal dezaten diru publikoaren kudeaketari dagokionez", esan zuen,

Indarkeria matxistaz ere aritu zen: "Gaur gauean", hau da, igande honetakoan, "ezin ditut ahaztu genero-indarkeriaren biktimak diren emakumean; askotan, beldurrak inposatutako isiltasunean pairatu izan dute, gainera"; Felipe VI.aren esanetan, "onartezina den gaitza da; gure sentimendurik sakonenetan zauria egiten digu, lotsatzen eta sumindu egiten gaitu. Sendotasunari eta babes politikoari eutsi behar diegu, biktimei laguntza emateko eta horien alde egiteko, eta gizarte osoa kontzientziatu dezagun indarkeria kriminal eta koldar horren aurka; gure bizikidetzak narriatu egiten du indarkeria-mota horrek".

Espainiako erregeak, horrez gain, eskatu zien espainiarrei "guztien artean eraikitako herrialdeari uko ez egiteko", eta animoak eman zizkien "gaurkotzen jarraitzeko"; hain zuzen ere, xedea da "ilusioa sortzen duen herrialde bat" egitea, garai berrietara moldatuz, elkarkidetzaren oinarriak diren errespetu- eta elkarrizketa-balioak erabiliz: "Ziur nago, inork ez du nahi Espainia geldirik egotea edo konformatzea, baizik eta Espainia modernoa, erakargarria, ilusioa sortzen duen herrialde bat". Espainiak "lasaia izan behar du, baina mugimenduan egon behar da, aurrera egiteko eta garai berrietara moldatzeko prest".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken ordukoa Politika albisteak Tratu txarrak gaur Espainiako Felipe VI.a bideoak Alderdi politikoak albisteak Ustezko ustelkeria politikoa Ustelkeriaren mapa politika Gaurko azken ordukoa Kataluniako hauteskundeak