Politika -

Urte bukaerako mezua

A21eko emaitzak 'onartu' ditzan eskatu dio Puigdemontek Rajoyri

"Gobernu legitimoarekin negoziazio politikoak hasteko" aukera berria duela esan dio Puigdemontek Espainiako Gobernuari, sare sozialen bidez zabaldu duen urte bukaerako mezuan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Parlamentua desegin ostean, Abenduaren 21ean egindako hauteskundeen emaitzak "onartu" eta "gobernu legitimoarekin negoziazio politikoak hasteko" eskatu dio larunbat honetan Carles Puigdemontek Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari.

Puigdemontek bere sare sozialen bidez zabaldu du Bruselatik eman duen urte bukaerako mezua. Kataluniako preso politikoen askatasuna eskatzeko ikur bihurtu den xingola horia jarri du paparrean Puigdemontek. Atzealdean, Kataluniako eta Europar Batasuneko banderak jarri ditu.

Kataluniako presidente gisa, "baliagarri ez dena aldatzeko" eskatu die Espainiako Gobernuari eta "hura babesten dutenei". Era berean, "eragindako min guztia konpondu eta katalanen baimenik gabe kargugabetu dituzten pertsona guztiak berriz izendatu" ditzala eskatu du Puigdemontek.

Urte bukaerako mezuan Puigdemontek ez du aipatu Kataluniara bueltatzeko asmorik duen ezta independentziaren aldeko alderdiek koalizioan gobernatzeko negoziazioetan dauden.

"Hautestontziek hitz egin dute. Demokraziak ere hitz egin du. Pertsona guztiek izan dute botoa emateko aukera. Zertara itxaroten ari da Rajoy presidentea emaitzak onartzeko?", galdetu dio bere buruari Junts per Catalunyako zerrendaburuak.

Hala, joan den abenduaren 21eko hauteskundeetako "emaitzak onartu" eta "gobernu legitimoarekin negoziazio politikoak hasteko" aukera berria duela esan dio Puigdemontek Espainiako Gobernuari.

A21ean izandako parte-hartze historikoa (ia % 82koa) "demokraziaren arrakasta historikoa" izan zela nabarmendu du Puigdemontek, eta "hautestontziek eztabaidarik onartzen ez duen mezua igorri" izana eskertu du.

"Zertarako balio izan du hainbeste errepresio?", galdetu dio Puigdemontek bere buruari. "Zertarako balio izan du urriaren 1eko biktimei, gobernukideei, parlamentarioei, alkateei, atxilotutako buruzagiei, suhiltzaileei, irakasleei eta poliziei hainbeste min eragiteak?", gaineratu du Puigdemontek.

Testuinguru horretan, EBko herrialde batentzat "harrigarritzat" eta "eskandalutzat" hartu du Oriol Junqueras presidenteorde ohia, Joaquim Forn kontseilari ohia eta Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez (Omnium eta ANCko buruzagiak, hurrenez hurren) espetxean jarraitzea "haien ideia politikoengatik".

Dena dela, Kataluniako etorkizunari begira itxaropenez agertu da Puigdemont, eta 2018ko urte bukaerako mezua Generalitatearen Jauregitik emango duela ziurtatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia gaur Berriak Politika Espainiako Gobernua bideoak Espainia argazkiak Alderdi politikoak albisteak Gaurko azken ordukoa Kataluniako hauteskundeak Puigdemont azken albisteak