Politika -

Espainiako aurrekontuak

Kataluniako Gobernua eratu ostean aurrekontuak onartuko direla uste du De Guindosek

Ekonomia ministroaren iritziz, Kataluniako egoerak aurrekontuen negoziazioa "baldintzatu" du. Dena dela, Gobernu berria eratu ostean EAJ negoziatzeko "prest" agertuko dela uste du.

Luis de Guindos, Ekonomia ministroa. Argazkia: EFE
Luis de Guindos, Ekonomia ministroa. Argazkia: EFE
Luis de Guindos, Ekonomia ministroa. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Generalitateko Gobernu berria eratzen denean, EAJk Espainiako Aurrekontu Orokorrak babestuko dituela uste du Luis de Guindos Ekonomia ministroak. Bere esanetan, Espainiako Gobernuaren 2018ko kontuak aurrera ateratzea "guztioi interesatzen zaigun gauza" da.

Ekonomia ministroaren iritziz, Kataluniako egoerak aurrekontuen negoziazioa "baldintzatu" du. Hala, abenduaren 21eko hauteskundeen ostean eratzen den Gobernu berriaren harira, EAJ aurrekontu orokorrak negoziatzeko "prest" agertuko dela uste du. Ekonomia ministroak esan duenez, "saskia egiteko zume nahikoa dago".

Ildo horretatik, hurrengo hiruhilekoetan langabezia-tasak beherakada "nabarmena" izango duela aurreikusi du de Guindosek. Zehazki, milioi erdi langabe gutxiago egongo direla esan du Ekonomia ministroak.

Testuinguru horretan, aurten ekonomiaren "susperraldi jarraitua" espero duela azaldu du de Guindosek. Halaber, "soldaten egoera normalizatzen" hasi dela aurreikusi daitekeela gaineratu du.

Sortutako lanpostu berrien lan baldintzei dagokienez, lan erreforma aldatzeko beharrik ez dagoela ziurtatu du Ekonomia ministroak. Bere esanetan, langileen malgutasuna kontuan hartzen du erreforma horrek. Hala, 2008an behin-behineko hitzarmena sinatu zuten langileen tasa gaur egungoa baino altuagoa zela esan du.

Mila milioi euroko eragina

Bestalde, Kataluniako prozesu independentistak 2017ko azken lauhilekoan izan duen eragin ekonomikoa mila milioi euro ingurukoa izan dela ziurtatu du De Guindosek .

Ekonomia ministroak azaldu duenez, azken lauhilekoan Kataluniako Barne Produktu Gordinak (BPG) lau edo bost hamarren egin zuen behera. De Guindosen hitzetan, 200.000 eurokoa izan zen.

Arrazoi horregatik, Kataluniako egoera politikoak mila milioi euro inguruko eragin ekonomikoa izan duela ondorioztatu du. Bere aburuz, prozesu independentistarekin aurrera jarraitzeagatik betetako "zigorra" izan da hori.

Ekonomia ministroaren iritziz, Generalitateko aurreko Gobernuak hartutako erabakiek "egonezina eta mesfidantza" sorrarazten zutela argi erakusten du datu horrek.

Hala, Kataluniako Gobernu berriak "aldebakartasuna" atzean utzi eta herritarrek dituzten "oinarrizko premietan" lan egiten hastea espero duela esan du de Guindosek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako albisteak Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak albisteak Gaurko azken orduko albistea Kataluniako Hauteskundeak gaur Aurrekontu Orokorren azken ordukoa