Politika -

18/98ko azken presoa, aske

Joxean Etxeberria: 'Ezker abertzalea bidea urratzen ari da'

Soriako kartzelatik atera berritan elkarrizketa eskaini dio Euskadi Irratiari. Espetxean emandako ia 12 urtetan sentitutako 'tentsioa eta isolamendua' gogora ekarri ditu eta sakabanaketa salatu du.

Etxeberria, kartzelatik atera berritan. Argazkia: Sortu
Joxean Etxeberria presoa, aske. Argazkia: Sortu
Ongi etorria eman diote Joxean Etxeberriari Oiartzunen

1:32

EIDER GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Urduri" eta "etxera iristeko gogoarekin" mintzatu da Joxean Etxeberria 18/98 auziko azken presoa. Soriako kartzelatik atera berritan, elkarrizketa eskaini dio Euskadi Irratiari. Gogorarazi duenez, eurena duela 20 urte abiatutako auzia da, eta ordudanik ezker abertzaleak jakin du Estatuak ibili duen "mendeku estrategiari" aurre egiten, "hori ezin zaigu ukatu", erantsi du. Haren hitzetan, "bidea urratzen ari gara, akats askorekin, noski, baina dabilenak egiten ditu akatsak".

18/98 auziko enpresen atalean zigortu zuten Etxeberria. 11 urte eta hiru hilabete eman ditu kartzelan, Galizian aurrena, eta Sorian gero. Hain justu, urruntze politikak dakartzan ondorioak gogora ekarri nahi izan ditu Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan egin dioten elkarrizketan. Nabarmendu duenez, "Soriara heltzeko bederatzi orduko bidaia zuten senideek; horregatik arinkeria iruditzen zait kartzela horiek gertukoak ditugula esatea. 500 kilometro errepidean asko dira. Oraindik ere 300 preso daude, eta oso latza da familia eta lagunentzat".

Egoera politikoa hizpide, ezker abertzaleak azken urteetan emandako "urratsak" azpimarratu ditu. "Jakin dugu egoera politiko berrietara egokitzen, bide berriak urratzen", esan du. Horren aurrean, Estatuak bereari eutsi diola kritikatu du, "mendekuan oinarritutako politika" batekin. Ildo horretan, azken urteotako "mehatxuak" eta Herrira presoen aldeko plataformaren kontrako "makrosumarioa" salatu ditu. Dena dela, etorkizunera begira "ilusioa" ere baduela aitortu du, batez ere Ipar Euskal Herriko mugimendua ikusita.

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EH Bildu Gipuzkoa