Politika -

Ustelkeria politikoa

CDC zigortu egin dute Palau auziko legez kanpoko komisioengatik

Legez kontra jasotako 6,6 milioi euroak itzultzera zigortu dute alderdi konbergentea. Palauko arduradun nagusiak izan zirenak ere kondenatu dituzte.

Felix Millet, Jordi Montull eta Daniel Osacar. Argazkia: EFE
Felix Millet, Jordi Montull eta Daniel Osacar. EFE
Millet, Montull eta CDC, kondenatuta

1:44

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Palau auziak badu epaia. Bartzelonako Auzitegiak bederatzi urte eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Felix Millet Palau de la Musicako presidente ohiari, eta zazpi urte eta sei hilabetekoa haren bigarrenari, Jordi Montulli. 2000 eta 2009 bitartean erakunde kulturaleko kontuak arpilatzeagatik kondenatu dituzte biak ere. Convergencia Democratica de Catalunya (CDC) alderdia ere zigortu du Auzitegiak, eta Ferrovialen eskutik jasotako 6,6 milioi euroak itzuli beharko ditu. Halaber, Daniel Osacar alderdiko diruzain ohiari lau urte eta bost hilabeteko zigorra ezarri dio.

Gaur kaleratu duten epaiaren arabera, Gemma Montull Jordi Montullen alaba eta Palauren finantza zuzendari ohia lau urte eta erdira zigortu dute. Aitortzari esker, ezarritako zigorra txikiagoa izatea lortu zuten hiru akusatu nagusiek (Felix Millet eta Jordi eta Gemma Montull).

CDCri dagokionez, epaimahaiak frogatutzat jo du Ferrovialek 6,6 milioi euroko legez kanpoko komisioak eman zizkiola alderdiari esleipenen truke. Diru hori itzuli egin beharko du Convergenciak.

Horrez gain, Daniel Osacar CDCko diruzain ohiari lau urte eta bost hilabeteko zigorra ezarri dio, influentziez baliatzea, dirua zuritzea eta kontuak faltsutzea egotzita.

Halaber, Pedro Buenaventura eta Juan Elizaga Ferrovial konpainiako bi kideak absolbitu dituzte, delituak preskribatu direla iritzita.

CDCk epaia errekurrituko du

Epaia ez da irmoa, eta aldeek errekurtsoa aurkez dezakete. Francesc Sanchez CDCko abokatuak dagoeneko iragarri du horren kontrako helegitea aurkeztuko duela.

Gemma Montull Palauren finantza zuzendari ohiaren ustez, zigorra "ez da bidezkoa", eta bere abokatuek errekurtsoa aurkeztea aztertuko dutela erantsi du.

Ia bederatzi urte iraun du Palau auziak (2009an sartu ziren lehen aldiz Esquadra Mossoak Palaun). Epaiketak, berriz, lau hilabete eta erdi iraun du, 50 bat saiotan. 16 pertsona jesarri dira akusatuen aulkian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak Politika albisteak Bartzelona albisteak Alderdi politikoak albisteak Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak