Politika -

Txostena

2.369 guardia zibil, 1.317 polizia eta 1.481 militar daude EAEn

EH Bilduk Kongresuan egindako galdera bati erantzunez eman ditu 2017ko datu horiek Espainiako Gobernuak. Estatuko segurtasun indarrak erretiratzea eskatu du koalizio subiranistak.

Guardia Zibilaren ekitaldia Intxaurrondon. Artxiboko argazkia: EFE
Guardia Zibilaren ekitaldia Intxaurrondon. Artxiboko argazkia: EFE
Guardia Zibilaren ekitaldia Intxaurrondon. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guztira, 2.369 guardia zibil, 1.317 polizia nazional eta 1.481 militar daude Euskal Autonomia Erkidegoan, EH Bilduk Kongresuan egindako galdera bati erantzunez Espainiako Gobernuak eman dituen datuen arabera.

Espainiako Gobernuak azken hamar urteotako datuak eman ditu, 2008 eta 2017 artekoak, hain zuzen ere. 2008an, 2.849 guardia zibil eta 1.422 polizia nazional zeuden.

Ondorioz, iaz 2008an baino % 16,8 guardia zibil gutxiago zeuden EAEn, eta % 7,3 polizia nazional gutxiago. Militarren kopurua, berriz, % 12,5 murriztu da.

2011n, ETAk bere jarduera armatua amaitutzat eman zuen urtean, Guardia Zibilak 714 kide gehiago zituen EAEn, Polizia Nazionalak 211 kide gehiago eta Espainiako Armadak beste horrenbeste.

EH Bilduk salatu egin ditu Espainiako segurtasun indarrek egiten dituzten kontrolak eta identifikazioak, gehiegizkoak direla iritzita, eta horien gaineko datuak ere eskatu ditu.

Alabaina, Espainiako Gobernuak ez du horri buruzko informaziorik eman, kontrolak eta identifikazioak "herritarren segurtasuna, askatasuna eta eskubideak bermatzeko asmoz" egiten direla adierazita.

Espainiako segurtasun indarrak erretiratzeko eta segurtasunari lotutako eskumenak Euskal Herriko polizia-taldeen esku uzteko eskatu du EH Bilduk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Espainiako Gobernua albisteak EH Bildu Bizkaia Eguneko albisteak