Politika -

Gurtel auziko epaiketa

'Biboteduna'k Campsi egotzi dio PPren legez kanpoko finantziazio sarea sortzea

Alvaro Perez eta Pablo Crespo akusatuek aitortu egin dute epailearen aurrean Valentziako presidente ohiak ematen zizkiela aginduak PP legez kanpo finantzatzeko.

Álvaro Perez 'Biboteduna', Pablo Crespo eta Francisco Correa. Argazkia: EFE
Álvaro Perez 'Biboteduna', Pablo Crespo eta Francisco Correa. Argazkia: EFE
Gurtel kasuko enpresariek onartu dute legez kanpoko dirua eman izatea

1:49

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alvaro Perez ‘Biboteduna’ Gürtel sare ustelak ustez Valentzian zuen buruak aitortu egin du Francisco Camps erkidego horretako presidente ohiak sortu zuela PPko legez kanpoko finantziazioa.  Hain zuzen ere, Ricardo Costa Valentziako PPko idazkari nagusi ohiari agindu ei zion sarea eratzea.

Horren esanetan, PPk Orange Market enpresarekin (Gürtel sareko konpainia) zuen zorra ordaintzeko “modu bakarra” lanak beste enpresaburu batzuei fakturatzea zela esan zion Campsek Costari.

Enpresanburu horiek hainbat kontratu publiko zituzten Valentziako administrazioekin, eta, legez, debekatuta zuten alderdi politikoei dohaintzak ematea.

Horrenbestez, ‘Biboteduna’k bat egin du Francisco Correa sare usteleko ustezko buruak epaiketan egindako deklarazioekin, eta aitortu egin du Valentziako PPk legez kanpoko finantziazio sistema zuela.

“Ordainketak hiru modutan egin ziren: eskudirutan, benetakoak ez ziren kontzeptu batzuen truke egindako fakturak eta benetako fakturak”, azaldu du.

‘Biboteduna’ren hitzetan, Campsek eskatu zion Valentziara joateko, PPren ekitaldiak antolatzeko.

“Pentsatu egin nuen, eta kontratatu egin ninduten Camps presidente bihurtu zuen kanpainarako. Haren laguna egin nintzen, eta esan zidan nire familia osoarekin Valentziara bizitzera joatea; horrela erabaki zen”, esan du.

Alejandro Agag enpresaburuaren bitartez ezagutu zuen Camps, kontatu duenez.

Gainera, nabarmendu duenez, “erkidego guztietako PPk egin dute lan gurekin”. Eta erantsi du “PPren segurtasun txartel bat “ zuela, “kontrolak ez pasatzeko”. Are gehiago, “oraindik badut”.

Bestalde, akusatuen aulkian ez direla “erantzule guztiak eseri” ohartarazi du, eta nabarmendu du damutu diren enpresaburuek ez dutela zehaztu “zer lortzen zuten” dirua jasotzen zutenean.

Crespok Camps leporatu du

Bestalde, Francisco Campsen Valentziako PPk 2007ko eta 2008ko hauteskunde-kanpainetako ekitaldiak diru beltzarekin ordaindu zituela onartu du Pablo Crespo Gurtel sareko bigarrenak. Horretarako, Orange Market enpresa kontratatu zuen.

Valentziako Alderdi Popularraren legez kanpoko ustezko finantziazioa ikertzeko epaiketan deklaratu du Crespok (22 urteko espetxe-zigor eskaera). Francisco Correa ustelkeria sareko buruzagiak aitortutakoa berretsi du Crespok.

Myriam Segura fiskalak galdekatu du. Cresporen hitzetan, Orange Marketek antolatutako ekitaldi batzuk “eskudirutan” ordaindu zituen Valentziako PPk, eta diru hori “ez zuen aitortu”, guztia “Correa jaunaren ‘B kutxan’ gorde zutelako”.

“PPrentzako gainerako lanak hemen deklaratu zuten enpresaburuek ordaindu zituzten”, gaineratu du. Enpresaburu horiek Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzarekin akordio batera heldu ziren, alderdi politikoaren ekitaldiak legez kanpo finantzatu zituztela onartu ondoren.

Gurtel sareko bigarrenak azpimarratu duenez, nahiz eta berak Correaren enpresa guztien funtzionamendua kudeatu eta gainbegiratu, Orange Marketen eguneroko jarduera ez zuen kontrolatzen. Horren ardura Alvaro Perez ‘Bibotedunak’ zuela erantsi du, “PPrekin harremanetan zegoelako”.

“PPko pertsonekin harreman estua zuela banekien, berak kontatzen zidalako”, adierazi du. “Bere lana negozioa erakartzea zen eta PP bere bezerorik onena zen”, gaineratu du.

“Camps, Costa, Rambla, Serra jaunekin zuen harremanaz hitz egin dit, baita Adela Pedrosarekin, probintzietako presidenteekin, alderdiko zuzendaritzaren kide guztiekin eta kontseilariekin zuenaz ere”, zehaztu du Crespok.

“Guzti horiekin lanean ari zela azaldu zidan Perezek, baina Francisco Camps Valentziako presidentearekin harremanak zuzenekoak edo zeharkakoak ziren ez dakit”, erantsi du. Aipatu dituen pertsona guztiak, hain zuzen ere, Valentziako presidente ohia (lekuko gisa deitu dute) eta Pedrosa Eldako (Alacant) alkate ohia (PPko senataria da orain) kenduta, akusatuen aulkian daude orain.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Alderdi Popularra Ustezko ustelkeria politikoa albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Valentziako Erkidegoa