Politika -

Gurtel auziaren epaiketa

Costak, Camps jomuga: 'Bai, egia da PP diru beltzarekin finantzatzen zela'

Valentziako PPren 'bigarrena' zenak errugabe jo du Barcenas, eta Valentziako presidente ohia egin du horren erantzule nagusi: 'Berak hartzen zituen erabaki garrantzitsuenak'.

Costa, Auzitegi Nazionalean deklaratzen. Argazkia: EFE
Ricardo Costa. EFE
Valentziako PP diru beltzez finantzatzen zela esan du Ricardo Costak

1:25

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ricardo Costa Valentziako PPren idazkari nagusi ohiak gaur aitortu duenez, alderdia 'diru beltzarekin' finantzatzen zen, eta Francisco Camps Valentziako presidente izandakoa jo du horren erantzule, PPren Espainia mailako zuzendaritza nagusia errugabe jota.

Gurtel auziko Valentziako zatiaren inguruko epaiketa egiten ari dira Auzitegi Nazionalean, eta Valentziako Alderdi Popularraren 'bigarrena' zenak deklaratu du gaurko saioan. PP 2007ko eta 2008ko hauteskundeetan legez kanpo finantzatu zela aitortu du.

"Bai, egia da PP diru beltzarekin finantzatu zela 2007ko (udal) hauteskundeetan", esan du, eta gero, 2007ko autonomikoetan eta 2008ko orokorretan, ere gauza bera egin zutela erantsi du.

Costaren esanetan, egun batean Victor Campos artean Valentziako popularren presidenteorde zenak bere bulegora joateko esan zion, eta diruz betetako gutun-azal batzuk erakutsi zizkion. Diru hura "alderdiarekin edo administrazioarekin harremana duten enpresaburuek eman dute, Campsek eta Juan Cotino Valentziako Parlamentuko presidenteak aginduta", azaldu omen zion.

Francisco Correak eta Pablo Crespok Costa egin zuten legez kanpoko finantzazioaren erantzule, eta, horren aurrean, defentsak deklarazioa aurreratzea eskatu du.

Costak Camps izan du jomuga, eta PPren Espainia mailako zuzendaritza nagusia errugabetu du. Horren arabera, Luis Barcenas PPren diruzainarengana jo zuen, eta horrek ezinezkoa zela nabarmendu zion: "Legez kanpoko finantzazioa debekatuta dugu, Filesa II.a litzateke".

Camps, errudun

Costaren hitzetan, bi modutara ordaintzen zituzten hauteskunde kanpainetako ekitaldiak: diru-laguntzen bidez eta "Valentziako Gobernuarekin esleipenak zituzten enpresaburuek emandako diruaren bidez".

Ingurumaria horretan, Valentziako presidente ohia egin du horren erantzule, hark hartzen zituelako kanpainako "erabaki garrantzitsuenak" eta harena izan zelako Orange Market —Gurtelen filiala Valentzian— kontratatzeko erabakia.

"Ni etorri aurretik ezarritako sistema zen", nabarmendu du Costak. Enpresaburuek emandako dirutza kontu korronteetan sartzen zuten, horren esanetan, "gehienez ere, 3.000 euroko diru-sarrerak eginez", orduko hartan legeak kopuru hori zuelako muga gisa jarrita dohaintza anonimoak egiteko.

Orain arte salatu ez izana deitoratu du, eta barkamena eskatu dio "Valentziako eta Espainiako gizarteari". "Nire aitortzaren ostean, datu berri horiekin, Fiskaltzak leporatutakoa onartzen dut", esan du. Fiskalak zazpi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du Costarentzat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Barcenas auzia Berriak Politika Albisteak Alderdi Popularra Epaiketak Ustelkeria politikoa gaur Gaurko azken orduko albistea