Politika -

KRISIA

EAJren eta PSE-EEren arteko gobernu ituna hautsi egin da Irungo Udalean

Jose Antonio Santano alkate sozialistak, atzo, Xabier Iridoy jeltzalea Hirigintza sailean zuen kargutik kendu zuen, eta horrek eragin du haustura.

Irungo EAJko ordezkariak, gaur. Argazkia: EiTB.
EAJ, Irun. Argazkia: EiTB
Jeltzaleen eta sozialisten arteko ituna hautsi egin da Irunen

1:21

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irungo EAJk hautsitzat eman du herri horretako Udalean PSE-EErekin duen gobernu ituna. Hedabideen aurrean agerraldia egin dute, gaur eguerdian, Irungo EAJko ordezkariek, krisiaren arrazoiak argitzeko. Besteak beste, Xabier Iridoy eta Lander Ugartemendia jeltzaleak agertu dira komunikabideen aurrean, hainbat alderdikidek babestuta.

Jose Antonio Santano Irungo alkateari egotzi diote zuzenean bi alderdien artean sortu den krisiaren errua. Hirigintza alorreko operazio baten inguruan sozialisten eta jeltzaleen artean izandako ika-mika baten ondoren, atzo, Santano alkateak Iridoy Hirigintza batzordeko idazkari kargutik kendu zuen, eta erabaki horrek ekarri du gobernu haustura.

Jeltzaleek ez dute jakinarazi gobernutik ateratzeko prozesua nola egingo duten. Egoeraren erantzuleak sozialistak direla nabarmendu dute, elkarrekin zuten ituna ez dutelako bete.

Iridoyk onartu du bi bazkideen arteko harremana ez dela inoiz erraza izan, eta horren errua ere Santanori bota dio, hainbat proiektutan azpilanean ibili delako eta informazioa ez duelako partekatu EAJrekin.

Mendia: 'Irunen gertatutakoa Irunen geratzen da'

Euskadi Irratian goizean egin dioten elkarrizketan, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak esan du krisia "herri mailakoa" dela, eta ez duela zertan eraginik izan EAJk eta PSE-EEk herri horretatik kanpo dituzte akordioetan. "Irunen gertatutakoa Irunen geratzen da", esan du.

Gai honen inguruko azalpenak ematea Santano alkateari dagokiola gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euzko Alderdi Jeltzalea PSE-EE Albisteak Gaur Irun argazkiak Albisteak