Politika -

Krisia alderdi morean

Atzeratu egin dute Nafarroako Ahal Duguren bozeramailea aldatzeko eskariaren erabakia

Zuzendaritzarekin kritiko diren lau parlamentarik eleduna aldatzea eskatu dute, gainerakoak kontra daude. Parlamentuko Mahaiak txosten juridikoa eskatu du erabakia hartzeko.

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak astebete atzeratu du erabakia. Argazkia: EFE
Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren bilera. Argazkia: EFE
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak astebete atzeratu du erabakia. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak astebete atzeratu du Ahal Duguren bozeramailea aldatzeko eskariari buruzko erabakia. Txosten bat eskatu dio ganberako zerbitzu juridikoari, auziaz duen iritzia jakiteko.

Taldean gehiengo direla baliatuta, zuzendaritzarekin kritiko diren lau parlamentariek bozeramailea aldatzeko eskatu dute gaur: Mikel Builen ordez, Carlos Couso jartzea proposatu dute. Builek idatzia aurkeztu du aldaketa horren kontra egiteko argudioekin. Agirian dioenez, Nafarroako Ahal Duguren barne araudiaren arabera, zuzendaritzak izendatzen ditu eledunak, betiere kontseilu herritarraren babesa duela.

Hortaz, erabakia hartu ahal izateko txosten juridikoa eskatu du Parlamentuko Mahaiak. Alderdi baten barne araudia taldeek euren burua antolatzeko duten eskubideari lehenesten ote zaion ebatzi behar dute abokatuek.

Lauko gobernua osatzen duten gainerako taldeek —Geroa Bai, EH Bildu eta I-E— kezka agertu dute krisiak exekutiboan eragin dezakeen kalteagatik, eta liskarra konpontzeko deia egin diete Ahal Duguko kideei.

Alderdiko zuzendaritzak Laura Perez Nafarroako Ahal Duguren idazkari nagusi ohi eta parlamentarioa kanporatzea erabaki zuen urtarrilaren 19an, Ahal Duguren "kode etikoa urratzea" egotzita. Perezek salaketak ukatu zituen, eta bere kontrako espedienteari eutsiz gero, auzitara joko zuela iragarri zuen. Talde parlamentarioaren gehiengoak (bozeramailea aldatzea eskatu duten lau ordezkariak) Perez babestu zuen joan den astean.

Buil kritikatzen diotenei: "Har ditzatela telefonoa"

Mikel Buil Nafarroako Ahal Duguren bozeramaileak kritikatzen dioten lau parlamentariei "telefonoa hartzera, hotz egitera eta akordioetara heltzeko zeintzuk diren beraien asmoak esatera" dei egin die.

Builen hitzetan, txosten juridikoa egiteko emandako epea, astebete, "alderdian gogoeta egiteko nahikoa izan beharko luke, baita lau parlamentarientzat eta elkarrizketa abiatzeko, hori baita gizarteak eskatzen ari diguna". "Hitz egitera esertzeko eskatzen digute", esan du.

Ardura, 'aldaketarako gobernuaren' baitan

Nafarroako gobernukideak (Geroa Bai, EH Bilbu eta I-E) Ahal Duguren krisiak Gobernuan izan dezakeen eraginagatik arduratuta daude. Hori dela eta, beren ezberdintasunak konpontzeko eskatu diote alderdi moreari.

Nafarroako Ahal Duguren barne krisia Laura Perez alderdiko idazkari nagusi ohiaren eta parlamentariaren aldi baterako kaleratzearekin piztu zen; "Ahal Duguren kode etikoaren urraketa larria ekarri zuten ustezko jarduerengatik" aldendu baitzuten Perez. Ildo horretan, Eduardo Santosen zuzendaritzaren aurkako legezko ekimenak aurrera eramango dituela iragarri zuen Perezek, "erabat faltsua" den salaketa bat zabaltzeagatik. Joan den astea

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Gaurko albisteak Nafarroan Alderdi politikoak Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Parlamentua Podemos Ahal Dugu Nafarroa