Politika -

Katalunia

Torrentek Puigdemonten hautagaitzari eutsi dio baina inbestidura saioa atzeratu du

Kataluniako Parlamentuko presidenteak nabarmendu duenez, ez du Puigdemont ez den beste hautagairik aurkeztuko, 'presidente aukeratua izateko eskubide guztia' duelako.

Puigdemonten inbestidura saioa atzeratu du Roger Torrentek

1:31

Eider Garaikoetxea | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako egoera politikoa ziurgabetasun betean dago, eta hala jarraituko duela ematen du. Izan ere, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak iragarri duenez gaurko aurreikusita zegoen inbestidura saioa "atzeratu" egingo du Carles Puigdemont presidentegaiaren "immunitatea" bermatzeko. Torrentek argitu duenez, Junts per Catalunyaren (JxCat) zerrendaburuak hautagai izaten jarraitzen du, "presidente aukeratua izateko eskubide guztia" duelako. "Ez dut Puigdemont ez den beste hautagairik aurkeztuko", erantsi du.

Parlamentuko prentsa aretoan egindako aparteko agerraldi batean iragarri du Torrentek atzerapena (datarik gabe, oraingoz), inbestidura saioa baino bost ordu lehenago. "Ez dut saioa bertan behera utzi, atzeratu egin dut", zehaztu du.

Espainiako Estatuak egindako "lege iruzurra" salatu du Parlamentuko presidenteak, eta Auzitegi Konstituzionalaren jarrera ere kritikatu du, "inork ere eskatu ez diona erabaki duelako".

Torrenten hitzetan, "Ez Sorayak —Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordea— ezta Auzitegi Konstituzionalak ere ez dute erabakiko nor izango den Kataluniako presidentea, hori Kataluniako diputatuek erabakiko dute". Nabarmendu duenez, "Espainiako Gobernuak eta Auzitegi Konstituzionalak  milaka katalanen eskubideak urratu nahi dituzte, ez dugu halakorik ametituko. Ez dugu onartuko esatea katalanek txarto bozkatu zutela eurek nahi zuten moduan bozkatu ez zutelako".

 

 

Kataluniako Parlamentuko presidenteak gogorarazi duenez, Puigdemontek babesa eskatu zion atzo, gutun bidez, eta bera Ganberako goi agintaria den aldetik, "horren immunitatea eta diputatu guztiena bermatu" behar duela. "Nire konpromisoa du", erantsi du. Hori horrela, Parlamentuko zerbitzu juridikoei eskatu die Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenaren kontrako alegazioak prestatzeko.

"Inbestidura saioa indarrean dago, eta eztabaida berme eta eraginkortasun guztiekin egin ahal dugunean egingo dugu", azpimarratu du.

Torrenten aburuz, "Kataluniako herriaren gehiengoaren borondatea ezin da bertan behera utzi. Ganberaren gehiengoaren babesa duen hautagaia egingo dugu presidente, ez 600 kilometrotara dagoen bulego batean erabakitakoa".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak Politika albisteak Kataluniako erreferenduma gaur Alderdi politikoak Gaurko azken orduko albistea Kataluniako hauteskundeak Pere Aragonès argazkiak