Politika -

Katalunia

Espainiako Gobernuak 'irtenbide bat bilatzeko' eskatu dio Kataluniako Parlamentuari

Parlamentuko Mahaiari galdegin dio Kataluniako presidente inbestitzeko aukera duen hautagai bat proposa dezan; Puigdemont, Mendez de Vigok gogorarazi duenez, ez dago egoera horretan.

Mendez de Vigo Espainiako ministroa, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE.
Mendez de Vigo Espainiako ministroa, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE.
Mendez de Vigo Espainiako ministroa, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak eskari argia egin dio Kataluniako Parlamentuko Mahaiari: bertako indar politiko guztiekin bilera-sorta egiteko, egoera politikoari irtenbidea ematea xede, eta presidente inbestitzeko aukera duen hautagai bat proposatzeko. Gobernuaren esanetan, Carles Puigdemontek ez du azken baldintza hori betetzen.

Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuaren bozeramaileak eman du horren berri, Ministroen Kontseiluaren ostean eskainitako prentsaurrekoan. Puigdemontek aste honetan Antoni Comini bidalitako mezuak "oso adierazgarriak dira independentziaren aldeko indarrak zein unetan dauden jakiteko", horren esanetan. Junts per Catalunyako hautagaiak mezu horietan esan zuen independentzia-prozesua "amaituta" zegoela, inbestidura-saioa atzeratu ondoren.

Mendez de Vigoren iritziz, mezu horiek eta Puigdemontek berak asteartean zabaldutako bideoak argi erakusten dute Generalitaterako hautagaiak gauza bat egiten duela eta oso bestelako beste bat pentsatzen duela; izan ere, legea eta Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak urratzen jarraitzeko deia egiten zuen bideoan, Espainiako ministroaren arabera.

"Egonkortasuna"

Horri buruzko hausnarketa egiteko eskaria egin ostean, Mendez de Vigok nabarmendu du Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentearen esku dagoela "Justiziarekin inolako konturik ez duen eta, halaber, beharrezkoa den egonkortasuna ekar dezakeen hautagai bat proposatzea".

Gobernuaren bozeramailearen iritzian, Auzitegi Konstituzionalak argi utzi du ez dagoela hautagai bat inbestitzerik Parlamentuan ez badago. Hortaz, Parlamentuko Mahaiari dagokio irtenbideren bat ematea. "Bestela, Mahaia bera egongo litzateke egoera blokeatzen", gaineratu du.

Ciudadanos eta Unidos Podemos

Balizko harreman politikoez hitz egitean, Mendez de Vigoren iritziz, "logikoa" litzateke Ciudadanosek beste alderdiekin hitz egitea; izan ere, Ines Arrimadas buru duen alderdiak irabazi zituen hauteskundeak.

Espainiako ministroaren iritziz, Unidos Podemosekin hitz egin lezake; Estatu mailan elkarrizketak izango dituzte, hauteskunde-erreforma bat sustatzea xede, eta, hortaz, zentzuzkoa izango litzateke Kataluniarako irtenbide bat topatzeko ere negoziatzea. Espainiako Gobernuaren bozeramailearen esanetan, bere Gobernuak ez dio erantzun Torrentek Mariano Rajoyri bidalitako gutunari; horretan, Kataluniako Parlamentuko presidenteak eskatu zuen "elkarrizketa zintzoa" abiatzea. Mendez de Vigok adierazi duenez, erantzuna une horretan ematen ari zen, Ministroen Kontseilua amaituta.

Puigdemonten egoeraz, berretsi du "ihes egindako pertsona" dela, Justiziatik alde egindako pertsona bat, alegia; Espainiara bueltatzekotan, epailearen esku jarriko lukete. Nolanahi ere, Mendez de Vigok uste du Puigdemontek ez duela aurreikusita itzultzea; hala frogatuko luke Waterloon etxe bat alokatu izateak. Gogorarazi du hiri horretan bertan amaitu zela Napoleonen inperioa.

"Nire ustea da han geratuko dela, eta inbestidura erabat ezinezkoa dela", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken albisteak Politika albisteak Kataluniaren independentzia Espainiako Gobernua argazkiak Alderdi politikoak bideoak Gaurko azken ordukoa Kataluniako hauteskundeak Pere Aragonès albisteak