Politika -

AUTOGOBERNU LANTALDEA

Alderdiek estatus politiko berrirako proposamenak aurkeztuko dituzte gaur

Autogobernu Lantaldea une erabakigarrian sartuko da eta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiek erabakitze eskubidearen inguruko beren jarrera argitu beharko dute.

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu lantaldearen bilera. Argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarreko Autogobernu lantaldearen bilera. Argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarreko Autogobernu lantaldearen bilera. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiek estatus politiko berrirako proposamen zehatzak aurkeztuko beharko dituzte gaur Autogobernu Lantaldearen bileran. Horrez gain, erabakitze eskubidearen inguruan duten jarrera argitu beharko dute. Hain zuzen ere, erabakitze eskubidea izan daiteke akordio zabal bat lortzeko oztopo nagusia.

Goizeko bederatzietan hasiko den bileran, alderdiek itun politiko berrirako dituzten asmoak jarriko dituzte mahai gainean.

EH Bilduk —Legebiltzarrean bigarren indarra dena— pasa den igandean aurkeztu zuen "Autonomiatik burujabetasunera" izeneko dokumentua. Bertan erabakitze eskubidearen aitortza aldarrikatzeaz gain, hori inolako mugarik gabe gauzatzeko prozedura zehatza eskatzen du.

Koalizioaren esanetan, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta estatu espainiarraren arteko "harreman eredua" izango da eztabaidagai nagusi Autogobernu Lantaldean. "Gure iritziz, argi dago harreman horrek berdintasunean oinarrituta egon behar duela; izan ere, harreman ereduan aldaketarik ez badago, ez da estatus politiko berririk izango", azpimarratu zuen Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak pasa den igandean Hernanin egin zuen aurkezpenean.

Aurretik Autogobernuaren Lantaldeak egindako beste bilera batean, erabakitze eskubideari buruzko eztabaida lantaldearen gainerako gaietatik bereiztea proposatu zuen Elkarrekin Podemosek. EH Bilduren esanetan, ordea, ezinbestekoa da erabakitze eskubidea eztabaida horretan gehitzea eta horrela azalduko du bere proposamenean.

Legebiltzarrean ordezkaritza duten gainerako alderdiek ez dituzte beren proposamen zehatzak ezagutarazi, eta ikusteke dago EAJk zer proposamen eramango duen Autogobernu Lantaldera.

EAJren Euzkadi Buru Batzarrak astelehenean onartu zuen dokumentua, baina jeltzaleek ez dute gaur arte horien berri emango. Dena den, "adostutakoa, legezkoa" eta alde bikoa izango den prozedura baten aldeko proposamena aurkeztuko omen dute, Iñigo Urkullu lehendakariaren jarreraren ildotik.

Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusiak duela gutxi ohartarazi zuenez, litekeena da Autogobernu Lantaldea "ezerezean" gelditzea baldin eta erabakitze eskubidea bertatik ateratzen ez bada.

PSE-EEko Idoia Mendia idazkari nagusiaren hitzetan, EH Bilduk proposatutako erabakitze eskubidea ez dago Espainiako Konstituzioan. Hori dela eta, Autogobernu Lantaldeko eztabaida erabaki ezin den "toki" batera ez eramateko aldarrikatu zuen, "autonomia estatutuak ezin baitu Konstituzioa aldatu".

Bestalde, PPk atzo aurreratu zuen ez duela testurik aurkeztuko. Alfonso Alonso buruzagiaren hitzetan, "une honetan ez dago erreforma bat gauzatzeko behar adina baldintzarik eta adostasunik". Estatutua egun dagoen moduan "atsegin" duela esan zuen, eta bere horretan defendatzen jarraituko duela.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra albisteak Alderdi politikoak berriak EH Bildu Euskal sozialistak Euskadiko PP berriak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Podemos Ahal Dugu Euskadi