Politika -

Lantaldea

EAJk 'kontzertu politiko' bat proposatu du, Estatuarekin harreman konfederala izateko

Estatutu-itun berri bat mahaigaineratu du; horrek aldebikotasuna izango luke ardatz, eta bi aldeek errespetatuko dutela bermatu beharko lukete.

Joseba Egibar (ezkerretan) AEJko bozeramailea da. Argazkia: EFE.
Joseba Egibar (ezkerretan) AEJko bozeramailea da. Argazkia: EFE.
Euskadi nazio bat dela dio EAJren proposamenak

1:18

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk estatus politiko berri bat proposatu du, euskal autogobernua gaurkotzeko; estatus berri hori "kontzertu politiko bat" izango litzateke, "kontzertu ekonomikoarekin homologagarria" bera, eta xedea izango luke lortzea Estatuarekin "izaera konfederaleko aldebiko harremana".

Egungo Gernikako Estatutua erreformatzeko formulak aztertzen dituen Eusko Legebiltzarraren lantaldea asteazken honetan bildu da, eta taldeek euren proposamenak aurkeztu dituzte. EAJrenak helburua du estatus politiko berri bat erdiestea, "espainiar Estatuarekin beste lotura-mota gauzatzeko"; proposamena eskubide historikoetan oinarritzen da, "horietan bakarrik", "eta Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriak babesten du". Itunean eta bi aldeen nazio-errealitatean oinarrituko litzateke Euskadi eta Estatuaren arteko harreman berezi eta aldebiko hori.

Espainiar Estatuarekin "elkarbizitza-akordioa" izatea proposatzen du; bi aldeek hitzarmena errespetatzeko konpromisoa hartu beharko lukete.

Legezkotasunaren printzipioari bai, baina demokraziaren printzipioa urratu gabe

EAJren iritziz, euskal autogobernuaren berritzeak legezkotasunaren printzipioa izan behar du kontuan, baina horrek ez du esan nahi demokraziaren printzpioa urratu behar denik.

"Hortaz, azken testuak euskal herritarrek duten eskubide demokratikoaren formulazioa izango da; eskubide hori da politika-egitura erabakitzekoa, bai eta elkarbizitza-erregimena ere. Hau da, euskal gizarteak eskubidea du bere etorkizuna nolakoa izango den erabakitzeko. Eta hori lortzeko, herritarrengan gehiengoa duen asmo horrek balio arauemailea izan beharko du".

Mahaigaineratu duenez, onartuko den azken testuak adierazi beharko du "Euskal Herriak berezko nortasuna duen herria" dela, hura "zazpi lurraldetan dagoela kokatuta", eta zazpi lurralde horiek, egun, "hiru eremu instituzionaletan daudela; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Erkidegoan, eta Ipar Euskal Herrian".

Hainbat izen, subjektu politiko-juridiko berriarentzat

EAJk hainbat izen proposatu ditu, gainera, subjektu politiko-juridiko berri horrentzat: adibidez, Euskal Foru Erkidegoa, Euskal Nazio Erkidegoa, Euskal Estatu Autonomoa, edo Foru Estatua.

Jeltzaleen iritziz, euskal herritarrek eskubidea dute "euren etorkizunak nolakoa izan behar duen" erabakitzeko; aldebiko harreman-eredu berri eta bereziak ardatz izango du bi aldeek aitortuko dutela "bestea ere subjektu politikoa dela".

"Harremana errespetuzkoa izango da, ez mendekotasunekoa; horretarako, aldebiko erlazio horrek akordioa eta ituna izango ditu oinarri", dio testuak.

Proposatzen du egungo Autonomia Estatutuak dakartzan eskumenek "bilakaera nabarmena" izan dezatela; horrela, "espainiar Estatuarekin itunpeko eremu bat zehaztuko litzateke, administrazio publikoen erregimen juridikoa eta harreman-erregimena kontuan izanik”.

Estatu espainiarraren barnean egin beharreko kooperazio aldeaniztunak, hala, ez du aldaketarik jasango formari dagokionez, ez eta zintzotasun instituzionalari eta lurralde-elkartasunari dagokienez ere.

1936ko Autonomia Estatutua

Arlo jakin batzuetan, EAJk 1936ko Autonomia Estatutua hartzen du abiapuntu; adibidez, Justizia administratzeko eskumena bere gain hartzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak auzien bukaera hartuko luke bere gain, eta horrek ez luke urratuko Botere Judizialaren batasuna, ez eta Auzitegi Gorenaren nagusitasuna; Estatuak emandako legediaren gaineko doktrina-bateratzea izango luke muga.

Ekonomia-auziei dagokienez, EAJk dio estatus berriak beharrezkoak diren salbuespenak txertatu beharko lituzkeela, Estatuak ez izateko aukerarik Euskadiren finantza-autonomia murrizteko; hain zuzen ere, Estatuak erabakiak har litzake, bestela, defizitaren mugaren eta zorraren banaketaren gainean, "aurrekontuen oreka eta egonkortasuna bermatzea aitzakia hartuta".

Jeltzaleek nahi dute azken testuak jasotzea modu batzuk "euskal lurraldeen arteko harremanak bideratzeko (EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria), Europako araudiak eskaintzen dituen baliabideek babestuta".

Eskumen guztiak estatus berria onartu eta hiru hilabetera hartuko lituzke bere gain subjektu berriak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Legebiltzarra argazkiak Alderdi politikoak Gaurko azken ordukoa