Politika -

Autogobernu lantaldea

Otegi, estatus berriaren inguruan:'Akordiorik ez badago ez da Madrilen ardura izango'

"Akordiorik ez badago gure ardura izango da; ezingo dugu esan Madrilen ardura dela", esan du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. EAJren proposamenean "argi-ilunak" ikusten ditu.

EAJrekin 'akordio zabala' lortzeko aukera ikusten du Otegik

0:46

Agentziak | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak larunbat honetan adierazi duenez, estatus berriaren inguruan akordiorik ez badago "ez da Madrilen ardura izango". "Akordiorik ez badago gure ardura izango da; ezingo dugu esan Madrilen ardura dela", esan du Otegik, Bilbon egin duen prentsaurrekoan. Horri lotuta, erantzukizunez aritzeko deia egin die gainerako alderdiei.

Komunikabideen aurrean egindako agerraldi horretan, autogobernu lantaldean EH Bilduk egindako proposamena aztertu du, eta EAJren proposamenaren inguruko balorazioa ere egin du. Azken horretan "argi-ilunak" ikusten ditu Otegik.

Halaber, azpimarratu du legebiltzarkideen % 76 "nazioa eta erabakitzeko eskubidea babesten duten proposamenen" alde dagoela. Otegiren hitzetan, "borondatea baldin badago, gehiengo oso baten babesarekin akordio bat lortu daiteke. Hori da gure xedea". "Ez dakigu zein izan daitekeen arrazoia bi kontzeptu horien inguruan akordiorik ez lortzeko”, adierazi du.

Otegik kezka agertu du "hainbat gizarte sektorek uste duelako autogobernuaren eztabaida identitarioa bakarrik dela, banderen ingurukoa eta herritarren beharrizanetatik urrun". EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren arabera, baina, "jendearen arazoak konpontzeko zein tresna behar ditugunaren inguruko eztabaida da autogobernuaren eztabaida".

Testuinguru horretan, joan den hauteskundeetara jo du Otegik. "Hiru alderdik -EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek- zera esan genuen: Guk defendatzen dugu Euskal Herria nazio bat dela eta erabakitzeko eskubidea daukagula", esan du, eta gogora ekarri du botoen % 73 lortu zutela. "Horregatik eman zigun jendeak botoa, eta horrek esan nahi du legebiltzarkideen % 73 erabakitzeko eskubidearen alde dagoela", gaineratu du.

EAJren proposamena

Onartu egin du EAJk autogobernu lantaldean aurkeztutako proposamenean "argiak eta ilunak" ikusten dituztela, baina hala ere pozik agertu da bertan "estatua"’ bezalako hitzak agertzen direlako, eta "menpeko" eredu baten inguruko hausnarketa agertzen delako. Otegiren hitzetan, "horrek arrazoia ematen digu defendatzen dugunoi menpeko eredua dela egungoa". Halaber, pozik agertu da lan-harremanetarako euskal esparrua, Gizarte Segurantza propioa eta pentsioen euskal sistema ere aipatzen direlako bertan.

Bestalde, hainbat itzal ere aipatu ditu, tartean "erabakitzeko eskubidea diluituta" agertzea edo "galdeketa loteslea desagertu izana". Horri lotuta, Otegik adierazi du  "jendeak bermatutako eztabaida parte-hartzaile bati" ireki behar zaiola akordioa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi albisteak Eusko Legebiltzarra albisteak EH Bildu Araba Gaurko azken orduko albistea