Politika -

OROIMEN EKITALDIA, Iruñean

'Errelato berriak iragana zuritu' nahi duela salatu dute ETAren biktimek

Rafael Doria 'Libertad Ya' taldeko kideak ohartarazi duenez, "errelato berriak iragana garbitu nahi du eta sufrimenduak berdindu, eta horrek, praktikan, ardura guztia kentzen die".

Baluarte plazan omendu dituzte ETAren biktimak, Iruñan. Argazkia: EiTB
Baluarte plazan omendu dituzte ETAren biktimak, Iruñan. Argazkia: EiTB
ETAk eragindako biktimak gogoratu dituzte Iruñean

0:56

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehun lagun baino gehiagok hartu dute parte gaur eguerdian Iruñean, ETAren biktimak omentzeko egin duten ekitaldian. Han, "errelato berriaz" ohartarazi dute antolatzaileek: "errelato berriak iragana zuritu nahi du eta sufrimenduak berdindu, eta horrek, praktikan, ardura guztia kentzen die".

Baluarte plazan, terrorismoaren biktimen monumentuaren aurrean, egin dute ekitaldia 'ETArengatik alde egin behar izan zutenen eta gizateriaren aurkako euren krimenen biktima guztien Memoriaren Eguna' dela eta. 2015ean ezarri zuen egun hori Nafarroako Parlamentuak, adierazpen instituzional batean. Omenaldian, lore-eskaintza egin dute, hainbat musika-pieza interpretatu dituzte eta manifestu bat irakurri du Rafael Doria Libertad Ya taldeko kideak.

Omenaldia Libertad Ya taldeak berak deitu du, izan ere, beste plataforma hauen laguntzarekin: Fundacion Tomas Caballero, Sociedad Civil Navarra, Asociacion por la Tolerancia, Doble 12, Recuperar Navarra, Vecinos de Paz, eta sortu berria den ETAren Biktimen Nafarroako Elakartea. Agintari ugari izan dira omenaldian. Ana Ollo Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako sailburua,  Alvaro Baraibar Bake eta Elkarbizitzarako zuzendari nagusia, Carmen Alba Espainiako Gobernuaren ordezkaria Nafarroan eta UPN, Geroa Bai, Podemos, PSN eta PPNko hainbat ordezkari.

Bere interbentzioan, Rafael Doriak kritikatu egin du "bizitzen ari garen garai bereziki konplexu honetan, ETAren indarkeria sufritzetik ETArik gabeko eskenatoki batera aldatu garen honetan, badirudi erlaxatu egin beharra dagoela, batez ere gure gizartearen zati bat berandu esnatu zelako". Ildo horretan, "ETAren berunezko 40 urteetan gure gizartearen zati bat deshumanizatu egin zen" esan du "beste baten heriotzaz poztu edo justifikatu egiten baitzuten batzuk".

Doriak nabarmendu duenez, "orain terminologiaren borrokan gaude", "gertatu zenaren errelatoak berebiziko garrantzia hartzen baitu; iragana interpretatuz orainari zilegitasuna eman nahi baitzaio".

"Errelato berriak iragana garbitu nahi du eta sufrimenduak berdindu, eta horrek, praktikan, ardura guztia kentzen die" ohartarazi du Rafael Doriak: "Eta herritarrok ezin ditugu begiak itxi operazio kosmetiko ofizial indartsu horren aurrean".

"Orain, beldurraren historia gaitzetsi nahi ez dutenak eta talde terroristaren hilketak itzulipurdi semantikoekin justifikatu nahi dituztenak instituzio demokratikoetan daude, eta hurrengo nafar belaunaldiei sinestarazi nahi diete biktima direla, berdin-berdin, GALen esku hil zen ETAko hiltzailea eta ETAko borroroen esku hil zen guardia zibila" salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko albisteak Albisteak Nafarroa ETA gaur Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Terrorismoaren Biktimak Gaur