Politika -

Diputatuen Kongresua

Autodeterminazioari buruzko jarrera aldatu ez dutela esan dio Santamariak Ciudadanosi

EAJk proposatu duen Estatutuaren erreforma babestuko ote duen galdetu dio Girautak Gobernu espainiarrari, "subiranotasun nazionala arriskuan" jartzen duelako.

Catala, Santamaria eta Rajoy, gaurko saioan. Argazkia: EFE
EAJ erdian, Ciudadanos eta PPren arteko lehia elektoralean

1:20

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko PPren jarrera "urte askotan" subiranotasun nazionalaren eta Espainiaren batasunaren defentsaren aldekoa izan dela ziurtatu dio Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak Ciudadanos taldeari.

Horrela mintzatu da Saenz de Santamaria Diputatuen Kongresuan egin den kontrol saioan, Juan Carlos Girauta Ciudadanos taldeko kide batek egindako galderari erantzunda.

EAJrekin duen "harreman estua" aurpegiratu dio Girautak Espainiako Gobernuari, esaterako, euskal kupoaren gaineko akordioak bultzatuz. Ciudadanoseko ordezkariak azpimarratu egin dio Santamariari EAJ "Ibarretxe plana II" prestatzen ari dela, eta erabakitzeko eskubidea jasoko dutela. Girautaren esanetan, nazionalismoa "Europaren aurkako mehatxurik handiena" da. Zentzu horretan, "nostalgikoa" ez izatea eskatu dio Mariano Rajoyren Gobernuari.

Ondoren, Rajoyren Gobernuaren ordezkariak azpimarratu duenez, Euskadiko PP, "urte askotan", subiranotasun nazionalaren eta Espainiaren batasunaren aldeko defentsan jardun da, estatutuaren balizko erreforma batean autodeterminazioa jasotzea baztertuz, Konstituzioan "lekurik ez duen" aukera bat delako, eta "euskal herritarrak aurrez aurre jartzen dituen elementua izan" eta Euskadin "ezinegona sortzen" duelako.

EAJk Euskadiren Autonomia Estatutua erreformatzea proposatu du Legebiltzarrean aurkeztutako Lantaldean, estatus politiko berri bat erdiesteko eta "espainiar Estatuarekin beste lotura-mota gauzatzeko". Proposamena eskubide historikoetan oinarritzen da, "horietan bakarrik", "eta Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriak babesten du". Estatus politiko berria "kontzertu politiko bat" izango litzateke.

Gezurra esatea leporatu dio EAJk Ciudadanosi

Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak azpimarratu duenez, Ciudadanos da, ez EAJ, 2019rako Espainiako Aurrekontuen negoziazioa blokeatzen ari dena; izan ere, Espainiako Gobernuak eta Ciudadanosek Aurrekontuak onartzeko akordiorik lortzen ez badute, jeltzaleen bost botoek ez dute inolako baliorik.

Estebanen esanetan, Ciudadanosek, eta neurri batean PPk ere bai, bien artean duten borrokan elkarri min egiteko erabiltzen ari dira jeltzaleak. Albert Riveraren alderdiak EAJri buruz esandako gezurrek min egiten diotela onartu du Estebanek. "Mina ematen du iritsi berria den alderdi batek gurea bezalako alderdi bat Europarentzat mehatxu dela esatea. Gu Europaren eta nazioarteko talde kristau-demokraten sortzaile izan ginen", erantzun du.

Bestalde, sozietateen zerga eta Euskadiko tarifa elektrikoa hizpide izan ditu. Estebanen hitzetan, sozietateen gaineko zerga beti izan da Estatu espainiarrekoa baino altuagoa, nahiz eta orain zertxobait doitu den. Tarifa elektrikoari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoetako eta beste bost autonomia erkidegotako enpresek gainerakoek baino tarifa altuagoa ordaintzen dutela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Politika Euzko Alderdi Jeltzalea PP Espainiako Gobernua argazkiak Euskadiko PP berriak Ciudadanosi buruzko albisteak