Politika -

Katalunia

Kataluniako eskoletan gaztelerazko eredua ezarriko duela esan du Espainiako Gobernuak

Mariano Rajoyren Gobernuak baieztatu egin du Kataluniako matrikulazio sistema aldatu egingo dutela, gazteleraz ikasteko aukera eskaintzeko. Nola egingo duen, baina, ez du argitu.

Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuaren bozeramailea. Argazkia: EFE
Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuaren bozeramailea. Argazkia: EFE
Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuaren bozeramailea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak Kataluniako ikastetxeetan gaztelera ere komunikazio-hizkuntza izatea nahi du eta horretarako matrikulazio sisteman aldaketak egingo ditu. Hala baieztatu du Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuaren bozeramaileak.

Nolanahi ere, hori nola egingo duten ez du argitu: "Gobernuarentzat oso garrantzitsua da gurasoek euren seme-alaben komunikazio-hizkuntzak zein izan behar duen aukeratu ahal izatea, eta hori nola bermatu aztertzen ari gara orain".

Espainiako  Konstituzioaren 155. artikulua indarrean dagoenez, Kataluniako Hezkuntza Kontseilaritza Espainiako Gobernuaren esku dago eta egoera hori baliatuko du Mariano Rajoyren Exekutiboak aipatu aldaketa egiteko.

Mendez de Vigok azpimarratu nahi izan du ez dutela Kataluniako hezkuntza sistema edota hizkuntza eredua aldatuko, euren asmoa Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak eta Auzitegi Konstituzionalak emandako "epaiak betearaztea" baino ez delako.

"Ez dugu Kataluniako hezkuntza eredua aldatuko. Hezkuntza ereduak legeetan daude eta lege horiek Parlamentu autonomikoetan aldatzen  dira", erantsi du.

Espainiako Gobernuak Kataluniako matrikulazio sistemaren aurka egin zuen eta auzitegiek klaseen % 25 gazteleraz eman behar direla ebatzi zuten.

"Auzitegiek jarraitu beharreko bidea markatu zuten eta guk bide hori egingo dugu. Hori nola bermatuko dugun aztertzen ari gara orain", adierazi du.

Ildo horretan, uko egin dio matrikulazio orrietan gazteleraz ikasteko aukera markatzeko laukitxo bat egongo den ala ez argitzeari, atzo hainbat komunikabide eta agentziek zabaldu zuten moduan.

Ciudadanosek ekimena babestu du

Bestalde, PSOEk ez du begi onez ikusi Espainiako Gobernuak 155. artikulua baliatzea Kataluniako eskoletako komunikazio-hizkuntza ereduan aldaketak egiteko.

Horrelako aldaketa bat egiteko lehendabizi proposamena Parlamentuan eztabaidatu eta onartu beharko litzatekeela nabarmendu du Carmen Calvo sozialistak.

Estatuko hizkuntza koofizialak "aberasgarriak" direla eta edozein erabiltzea "normaltasunez" hartuko beharko litzatekeela adierazi du.

Horrez gain, Calvok gogoratu du "Kataluniako autogobernua berrezartzeko asmoz" ezarri zela 155. artikulua, eta ez arazo gehiago sortzeko.

Ciudadanosek, ostera, Espainiako Gobernuaren ekimena babestu du. Albert Riverak esan du gaztelera eta katalana maila berean egon behar direla Kataluniako ikastetxeetan.

"Gure eredua Auzitegi Konstituzionalarena da, eta honek ebatzi zuen bi komunikazio-hizkuntzek oreka bera izan behar dutela; orekarena eztabaidagarria izan daiteke, baina argi dago biak izan behar direla komunikazio-hizkuntza", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako erreferenduma gaur Espainiako Gobernua bideoak