Politika -

Auzitegi Gorena

Gabriel atxilotzeko agindua Estatu espainiarrera mugatu du Gorenak

Nazioarteko agindua ematea eskatu dio Fiskltzak epaileari, baina hori ez du onartu. Albistearen berri izan eta berehala Gabrielek esan du 'jazarpen politikoa' dela bere kontrako agindua agindua.

Gabriel, Suitzako hedabide bati eskainitako elkarrizketan. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.
Anna Gabriel. ETB
Gabriel, Suitzako hedabide bati eskainitako elkarrizketan. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Anna Gabriel CUPeko diputatu ohia Auzitegi Gorenera deklaratzera joan ez dela eta, hura atxilotzeko agindua eman du Pablo Llarena epaileak.  Atxilotzeko agindua Estatu espainiarrera mugatu du Gorenak, eta ez du nazioarteko agindurik eman, Fiskaltzak hori ere eskatu duen arren. Epaitegiko iturriek zehaztu dutenez, Estatu espainiarrera itzuliko balitz bakarrik atxilotuko lukete. Hortik kanpora aske mugitu daiteke.

Javier Zaragoza eta Fidel Cadenas fiskalek epaileari zuzendutako idatzian jaso dutenez, Gabriel ez da Auzitegi Gorenean azaldu, eta "ez du hori justifikatzeko arrazoirik eman". Horien hitzetan, bigarren aldiz gertatu da hori (berez, otsailaren 14rako deitu zuten, baina haren abokatuak egun hartan bertaratzerik ez zuela eta, atzeratu egin zuten).

Fiskaltzak, Estatuko Abokatutzak eta herri akusazio den Vox alderdiak eskatu dute Gabriel atxilotzea.

Epaileak gaurko zitazioari eutsi dio, eta ordu erdiz zain egon ondoren, Goreneko idazkari judizialak aktan jaso du Gabriel ez dela Auzitegian agertu.

Gabrielek atzo jakinarazi zion Llarena epaileari ez zela ikertu gisa deklaratzera joango, eta Suitzan jarraituko zuela. CUPeko diputatu ohiak epaileari bidalitako idatzian azaldu zionez, Espainian ez zuen "epaiketa justurik" izango, eta, hori dela eta, bere eskubideak "babestu ahal dituen herrialde bat" bilatu duela.

Europako Batasunetik kanpo egonda, Espainiak ezin du euroagindu bat eman Gabriel atxilotzeko, eta horrek zaildu egiten du estradizioa. Suitzak dagoeneko esan du du ez duela inor estraditatuko "arrazoi politikoengatik".

Rafael Catala Espainiako Justizia ministroa, halere, nabarmendu du Suitzakin estradiziorako akordio bat sinatuta dutela.

Gabriel:  'Jazarpen politikoa da agindua'

Epailearen aginduaren berri izan eta berehala, elkarrizketa egin diote TV3 telebista-katean Gabrieli. Erabakiarekin ez dela harritu esan du, eta independentismoaren kontrako "jazarpen politikoaren baitan" kokatu du agindua.

Suitzara alde egiteko erabakiak gainerako auzipetuengan eraginik izan dezakeen galdetuta, CUPeko kideak esan du zuzenbide penalean zigorrak banakakoak izan behar dutela, auzipetu baten erabakiak ez duela zertan eraginik izan behar gainerakoengan.

Gabrielek nabarmendu du Suitzara joan bada, ez dela izan han bizitzeko asmoa duelako, Estatu espainiarrean independentista kataluniarrek "eskubideak zapalduta" dituztelako baizik.

"Ez da atsegina gertukoak atzean uztea, oso mingarria eta gogorra da. Batzuk oporretara joan garela diotelako esaten dut hori. Askatasunarekin eta oinarrizko eskubideekin dudan konpromisoa berretsi nahi dut. Hau jazarpen politikoa da, eta leporatu nahi digutena ez da existitzen", gaineratu du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken albisteak Berriak Politika Kataluniaren independentzia Auzitegi Gorena Alderdi politikoak bideoak Eguneko albisteak Kataluniako Hauteskundeak gaur