Politika -

EPAIKETA, APIRILAK 16

'Altsasu kasuaren injustizia' salatzeko martxa abiatu dute Nafarroan

Epaiketaren aurretik, kasuaren inguruko informazioa Nafarroa osoan zabaldu nahi dute. Altsasutik abiatu eta Zubirin, Otsagabian, Irunberrin eta Zangotzan izan dira gaur.

Altsasun bira abiatu duren momentua. Argazkia: EiTB
Altsasun bira abiatu duten momentua. Argazkia: EiTB
Euren seme-alaben egoera azaltzeko bira egingo dute Altsasuko gurasoek

2:01

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako 44 elkarte eta erakundek deituta, bira bat hasi dute gaur 'Altsasuko guraso' eta lagunek herriko 8 gaztek 2016ko urrian guardia zibilarekin izandako liskarraren ondorioz jasaten ari diren "injustizia" salatzeko. 09:00etan abiatu da ibilaldia Altsasuko suhiltzaileen egoitza parean.

Antxon Ramirez, auzipetutako gazte baten aitak esan du hau guztia "zentzugabekeria" dela azaltzeko beharra dutela: "Gure kasua ez da terrorismoa. Liskar batetik nora eraman duten harrituta dago gizartea eta guk jarraitu behar dugu informatzen eta esaten hau injustizia bat dela".

3 akusatuk urtebete baino gehiago daramate Madrilgo espetxeetan. Senideek ia 60.000 euro gastatu dituzte joan-etorrietan, eta auto istripu bat ere izan dute. Apirilean hasiko den epaiketarekin "beldurtuta" daudela esan dute gurasoek.

Altsasutik abiatu eta Zubirin egin dute lehen geldiunea. Hamaiketakoarekin hartu dituzte herritarrek. "Nahi dugu babes guztia eman, ikusteko ez daudela bakarrik. Azkenean euren kausa guztion kausa delako" esan du bertaratu den Maite Arrizabalagak.

Garraldan ere izan dira, eta, Otsagabian bazkalduta, Irunberrin eta Zangotzan izan dira arratsaldean.

Martxoaren 25era arteko bira

Otsailaren 3an egindako agerraldi batean aurkeztu zuten martxa. "Zortzi familia hauek nozitzen ari direna justiziaren erabilera makurraren ondorio da" esan zuten antolatzaileek, eta ildo horretan, izen handiko legelariek, erakunde publikoak eta gizarteak berak horrela adierazi dutela nabarmendu zuten.

Martxaren deitzaileek salatu zutenez, kasu honek demokrazioan bermatuta behar luketen "oinarrizko eskubide eta printzipioak urratu ditu": errugabetasun presuntzioa, epaile naturalaren eskubidea, legearen erabilera ez estentsiboa, proportzionaltasun printzipioa, defentsa eskubidea eta askatasun eskubidea. Zentzu honetan, martxoan Nafarroako Lurralde Auzitegiak kaleratu zuen autoa nabarmendu zuten. Bertan, Auzitegiak zioen terrorismo zantzurik ez zegoela 2016ko gertaeretan eta, beraz, Nafarroan egin beharko litzatekela instrukzioa.

Aitzitik, apirilaren 16an hasiko da epaiketa Auzitegi Nazionalean, eta fiskaltzak 375 urte eskatu ditu zortzi akusatuentzat. Horietako hiruk, gainera, urte eta erdi baino gehiago daramate kartzelan.

Epaiketaren aurretik, kasuaren inguruko informazioa Nafarroa osoan zabaldu nahi dute, "bertatik bertara". Altsasun abiatu da ibilaldia gaur, otsailak 24, eta martxoaren 25ean amaituko da Erriberan. Tartean, beste hainbat tokitan izango da, martxoaren 17an, adibidez, Iruñan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Berriak Politika Gaurko albisteak Nafarroan Epaiketak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Altsasu albisteak Gazteak gaur