Politika -

Ekitaldi instituzionala

Euskal erakunde guztiak batera, Kontzertu Ekonomikoaren defentsan

Ekitaldia egin dute Bilboko Arriaga Antzokian, Kontzertu Ekonomikoaren 140. urteurrena ospatzeko. Azkenaldian, itun hori zalantzan jarri dute Espainian.

Erakundeetako ordezkariak Itun Ekonomikoaren ekitaldian. Argazkia: EFE
Erakundeetako ordezkariak Itun Ekonomikoaren ekitaldian. Argazkia: EFE
Itun Ekonomikoaren balioaz jabetzeko eskatu dio Lehendakariak gizarteari

1:17

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde guztiek Kontzertu Ekonomikoa babestu dute, "justua eta solidarioa" dela azpimarratuta, eta euskal gizarteari itun horren “balio handiaz jabetzeko” galdegin diote.

Ekitaldia egin dute Bilboko Arriaga Antzokian, Kontzertu Ekonomikoaren 140. urteurrena ospatzeko. Euskal erakunde guztietako ordezkariak izan dira bertan: Eusko Jaurlaritzakoak, Legebiltzarrekoak, Batzar Nagusietakoak, aldundietakoak eta udaletakoak.

Jaurlaritza osatzen duten EAJko eta PSEko agintariez gain, Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako ordezkariak ere han izan dira, hala nola, Maddalen Iriarte (EH Bildu), Lander Martinez (Elkarrekin Podemos) eta Anton Damborenea (PP).

Lehen aldia da Kontzertu Ekonomikoaren urteurrena ospatzeko ekitaldi bat egiten dela, baina azkenaldian itun hori zalantzan jarri dute Espainian eta ekimen honen bidez euskal erakundeek Kontzertu Ekonomikoa irmotasunez babesten dutela erakutsi nahi izan dute.

Ekitaldiaren hasieran, itun horri buruzko dokumental bat eman dute eta ondoren Iñigo Urkullu lehendakariak hartu du hitza, adierazpen instituzionala irakurtzeko.

"Estatua eta Euskadiren arteko bizikidetzarako konpromiso politiko erakusten duen ezinbesteko tresna da Kontzertu Ekonomikoa", esan du.

Hori dela eta, itunarekiko "errespetua" eskatu du eta gogora ekarri du "formalki egindako akordioak" onartu eta bete egin behar direla.

"Euskadi eta Estatuaren arteko harremana Kontzertuan oinarritzen da. Bietako inork ezin dio besteari bere borondatearen kontra ezer inposatu. Harreman honek elkarrizketa, negoziazioa eta bi aldeentzako onurak adostea eskatzen du", gaineratu du.

Hamarkadaz hamarkada horrela izan dela eta aurrerantzean ere hala izango dela agindu du lehendakariak; izan ere, "2002az geroztik Kontzertu Ekonomikoak iraunaldi mugagabea dauka".

Itun Ekonomikoari egiten zaizkion kritikak gezurtatu ditu, sistema "objektiboa, justua, eraginkorra eta solidarioa" dela esanez eta sistema honekin Euskadik “aldebakarreko arriskua" hartzen duela gogoratuz.

Horrez gain, ikuspuntu legaletik ere babestuta dagoela azaldu du eta horren erakusgarri jarri du Kontzertu Ekonomikoak biltzen dituen legeak onartzeko 1981ean Diputatuen Kongresuan egin zen bozketan aldeko botoak ia % 90a izan zirela.

Gainera, "Legebiltzarreko eta Batzar Nagusietako alderdi politiko guztien babesa dauka eta Europako Justiziak Auzitegiak 2008an ebatzi zuenez, Itun Ekonomikoak Europar Batasuneko zuzenbidea betetzen du", azpimarratu du.

Bestalde, euskal erakundeek gizartearentzako mezua ere izan dute eta Kontzertu Ekonomikoaren "balio handiaz" jabetzeko eskatu diote. "Konpromiso handiagoa eskatzen dugu, Kontzertuari buruzko ezagutza zabaltzeko eta Kontzertua defendatzeko".

Amaitzeko, lehendakariak berretsi egin du Itun Ekonomikoa Euskadi eta Estatuaren arteko akordio politikoa dela eta itun hori "edozein egoera politikoren gainetik" dagoela.

"Kontzertu Ekonomikoa autogobernuaren oinarria da eta gure erakundeek ez diote sekula horri uko egingo; konpromisoa hartu dugu autogobernua babesteko, eguneratzeko eta euskal gizartearen mesedetan hobetzeko", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Lehendakaria Albisteak Kontzertu Ekonomikoa Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra EAE Albisteak