Politika -

Gizateriaren aurkako krimenak

Bi hiritarrek kereila bana jarri dute 'Billy el Niño'ren aurka, torturengatik

Zazpi dira jada frankismoaren Segurtasun Zuzendaritza Nagusiaren aurkako tortura kereilak. Biktimek salatzea eskatzen dute, baina eszeptiko agertu dira, aurreko epaiak ikusita.

'Billy el niño', Auzitegi Nazionalean, 2014an. Argazkia: EFE
'Billy el niño', Auzitegi Nazionalean, 2014an. Argazkia: EFE
'Billy el niño', Auzitegi Nazionalean, 2014an. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi hiritarrek kereila kriminal bana aurkeztu zuten atzo frankismoaren Segurtasun Zuzendaritza Nagusiko kideen aurka, tartean, Antonio Gonzalez Pachecho 'Billy el niño', gizateriaren aurkako krimenen baitan torturak egitea leporatuta. Hala, zazpi dira jada aurkeztutako kereilak.

Rosa Maria Garcia Alcon eta Javier Navascues Chivite abokatuek aurkeztu zituzten salaketak atzo goizean, osteguna, Gaztelako Plazan dauden epaitegietan, Frankismoaren Krimenen aurkako Kereila Argentinarraren Babeserako Estatu Koordinakundearen zenbait kiderekin batera.

Bi kereila horien aurretik, Luis Suarez (2017, ekaina), Angela Gutierrez eta Felisa Echegoyen (2017, azaroa) eta Willy Meyer eta Chato Galantek (2918, urtarrila) jarri zituzten.

Madrileko 39 zenbakiko Instrukzio Epaitegiak Felisa Echegoyenen salaketa artxibatu zuen duela gutxi, gizateriaren aurkako deliturik ez dela egin iritzita, eta tortura delituak preskribatu egin duela argudiatuta. Alabaina, helegitea aurkeztu dute azken erabaki horren aurka Probintzia Auzitegian. Gainerako lauren kasuan, falta da erabakia hartzea.

Rosa Maria Alconek jarritako salaketaren arabera, 1975ean, 18 urte zituenean, atxilotu zuten pintadak egiteagatik eta 'Billy el niño'k torturatu eta tratu txarrak eman zizkion.

"Sartu bezain pronto nire zain zegoen, eta ostikoka, ukabilkadaka, kolpeka… hartu ninduen… eta gero ukituak egin zizkidan", esan zuen atzo epaitegien atarian.

Ildo horretatik Javier Navascues Chiviteren testigantza ere bai. Horren esanetan, salatu egin behar da gertatutakoa ezagutzeko, baina onartu du mesfidati dela, "gehiegitan erakusten ari direlako ez dutela 'Billy el niño' epaitu nahi, ezta diktaduran barrabaskeriak egin zituztenak ere, eta ez dute zitalkeriaz hil zituzten pertsonen gorpuak bilatu nahi".

Azaldu duenez, 1973ko ekainean etxera heldu zenean, Billy el niñok eta beste batzuek bere emaztea eta koinatua atxikita zuten, bera diktaduraren aurkako borrokan zegoela erakusten zuten agiri batzuk topatu zituztelako.

Orduan, 10 orduz kolpatu eta behartu zuten. Aldi horretan, torturatu zuten, besteak beste, eskuburdinak jarri zizkioten hanken azpitik eta ibiltzera behartu. Javierrek ziurtatu du torturak salatu zituela epailearen aurrera eraman zutenean, baina inork ez zuela sinistu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak bideoak Epaiketak albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Frankismoa