Politika -

Katalunia

Puigdemontek Generalitateko presidentea izan nahi du berriro etorkizunean

"Kataluniako Parlamentuak argi utzi du bere borondatea, eta gehiengoa dauka ni presidente egiteko", esan du Puigdemontek.

Carles Puigdemont aurreko agerraldi batean. Argazkia: EiTB.
Carles Puigdemont aurreko agerraldi batean.
Sanchez presidente izatea galeraztea delitu izan daiteke Puigdemontentzat

1:33

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etorkizunean Generalitateko presidentea berriro izan nahi duela esan du Carles Puigdemontek ostiral honetan, atzo bere hautagaitza "aldi baterako" baztertu ostean eta Jordi Sanchez kargurako proposatu eta gero.

"Kataluniako Parlamentuak argi utzi du bere borondatea, eta gehiengoa dauka ni presidente egiteko", esan du Rac1 hedabidean egindako elkarrizketan. Puigdemontek bere inbestidura legezkoa dela babestu du berriro, baina Espainian botereen banaketarik ezak inbestidura galarazi duela gaineratu du.

Puigdemonten ustez, abenduaren 21eko hauteskundeetan (JxCat, ERC eta CUP alderdiek eserlekuen gehiengoa lortu zuten) argi gelditu zen "gehiengo batek aukeratutako presidentea (Konstituzioaren 155. artikuluaren ondorioz) legez kanpoko etetea indarrik gabe uztea nahi du".

Errepublikaren Batzordea

Belgikatik Errepublikaren Batzordea zuzentzeko asmoa duela azaldu du. Batzorde horretan, "diplomazia zibila zuzenduko luke, Kataluniako Gobernuak ez baitu horretarako aukerarik izango, zaintzapeko askatasunean dagoelako" eta Ogasun Ministerioak kontu korronteak ikuskatzen dizkiolako.

Batzorde horren eginkizunen artean, "Kataluniak autodeterminaziorako eta munduan ideia hori defendatzeko eskubidea duela zabaltzea" dago. Era berean, prozesu konstituziogilea abian jartzea, Parlamentuan hasi zena auzitegietan bukatu baitzen, ikerketa batzordearen ondorioak osoko bilkuran bozkatu ostean.

Bestalde, Belgikan egoteagatik dirurik ez duela jasotzen esan du. "Hemengo egonaldiak guk eta gure ondokoek ordaintzen dugu", eta Belgikan egoteko ez duela Generalitateko dirurik jasotzen argitu du.

"Kolapsoa" aurreikusi du Sanchezi betoa jartzen badiote

Bestalde, "erakundeen kolapsoa" aurreikusi du Puigdemontek Jordi Sanchezen inbestidurari Estatuak betoa jartzen badio eta Katalunian hauteskundeak berriro deitzen badira.

Ildo horretan, Puigdemontek Espainian "pladurrezko demokrazia" dagoela salatu du, eta Estatuak Sanchezen inbestidurari "oztopoak" jartzen badizkio "hanka-sartze larria" eta "ziurrenik delitu bat ere" izango litzatekeela uste du.

ERCren arabera, Junqueras izan behar da hautagaia

Bestalde, Puigdemontek bere hautagaitza baztertzea erabaki duela jakin ostean, inbestidurarako hautagaia Oriol Junqueras presidenteorde ohia eta errepublikanoen burua izan behar dela esan du Sergi Sabria ERCko bozeramaileak.

"Puigdemontek atzo hartutako erabakia eta gero, ordezkari legitimoa Oriol Junqueras izan behar da", esan du Catalunya Radio irratian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia gaur Politika Hautagaiak Gaurko azken orduko albistea Pere Aragonès bideoak